Hail, Cesar!

Coen anaiek estreinatu berri duten filma 50eko hamarkadako Hollywooden kokaturik dago. Ekoizpen etxe handi bat erromatarrei buruzko produkzio erraldoia errodatzen ari da. Horretarako, garaiko izar handiena kontratatu dute (George Clooney), baina errodajean zehar aktorea desagertu egingo da. Aurtengo Berlingo zine jaialdian estreinatu duten eta hainbat sari jaso dituen filmean izar askok hartu dute parte, hala nola, Scarlett Johanssonek, Channing Tatumek, George Clooneyk eta Josh Brolinek.

Deadpool

Tim Miller zuzendari estatubatuarrak antiheroi berezi baten istoria dakarkigu. Wade Wilson indar berezietako langile ohia mertzenario bilakatu da. Izan ere, esperimentu krudel batean parte hartu ondoren, azkar sendatu ahal izateko botere berezia bereganatu du, eta DeadPool pertsonaiaren izaera bereganatu du. Umore beltzak bereizgarritzen duen pertsonaia bere bizia hondatzen saiatu den gizona harrapatzen ahaleginduko da.

Anomalisa

Charlie Kaufman eta Duke Johnson zuzendariek animaziozko komedia beltza dakarte. Coaching lanetan dabilen profesional bat da filmeko protagonista. Arazo bat du, ordea: zenbat eta jende gehiagori laguntza eskaini, orduan eta gatzgabeagoa bilakatuko da bere bizitza. Bat-batean, emakumezko baten ahotsak monotonia hori apurtuko du. Prest izango da dena bertan behera utzi eta neskaren ondoan zoriontasuna bilatzeko. 2015eko Veneziako jaialdian epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen filmak. Horrez gain, otsail amaieran banatuko dituzten Oscar sarietarako animaziozko film onenaren kategorian proposatu dute.

El abrazo de la serpiente

Film kolonbiarrak Amazoniara eramango gaitu. Karamakate Amazonia basoko xaman ahaltsuena izan da, baina orain, basoaren sakontasunean bizi da, bakarrik. Urteak bakartasunean igaro ondoren, emoziorik eta oroitzapenik gabeko gizona bilakatu da. Bere bizitzak egundoko aldaketa jasango du, ordea, Evan izeneko etnobotaniko amerikarra ezagutuko duenean. Evan yakruna izeneko landare boteretsu baten atzetik dabil, eta Karamkatek eginkizun honetan lagunduko dio. Martxan jarriko dira orduan, basoan barrena iragana, oraina eta etorkizuna nahasiko dituen bidaia batean, eta Karamakatek ahaztuta zituen oroitzapenak gogoratuko ditu: aspaldiko adiskidetasun baten traizioaren arrastoak eta eragindako mina. Ramon Termesek zuzendutako lanak Horizontes Saria eskuratu zuen 63. Donostiako Zinemaldian, eta Oscar sarietan ingelesaz besteko film onenaren sarirako proposatu dute.

https://youtu.be/FdOYd-21qaA

La corona partida

Rodolfo Sancho, Irene Escolar (aktore berri onenaren Goya saria eskuratu berritan) eta Raúl Mérida aktore espainiarrek parte hartu dute dramaz beteriko film historikoan. Isabel Katolikoaren heriotzaren ostean, ezegonkortasun egoera biziko du erreinuak. Fernando Katolikoa eta Felipe Ederra tronua eskuratzeko borrokan ariko dira. Bidean biktima bat utziko dute, berezko oinordekoa den Juana Eroa.

Robot Overlords

Lurra beste galaxia bateko robotek menderatu dute. Bizirik iraun dutenak etxe barruan ezkutuan bizi beharko dute, inplante elektronikoak erabiltzera behartuta, kixkalita hil nahi ez badute. Frankotiratzaileak errukigabeko makinak diren zientzia fikziozko mundu batean murgilduko gaitu film britainiarrak.

The Evil That Men Do

Izen handiko droga negozio batean lan egiten duten sikarioak eta medikuak pakete berezi bat jasoko dute. Barruan, etsaien taldeko buruzagiaren hamar urteko alaba topatuko dute. Neskatoarekin zer egin erabaki bitartean, elkarrekin egon beharko dute. Haurra berehala ohartuko da, bizirik jarraitu nahi badu, bahitzaileen psikera iritsi beharko dela gizatasunik geratzen zaien aztertzeko.

https://www.youtube.com/watch?v=Gu1C0p_YBY4

O menino e o mundo

Alé Abreu gidoilari eta zuzendari brasildarrak aitaren figura falta duen haurraren begiradapean jarriko gaitu. Abenturaz eta dramaz betetako film honetan, protagonistak bere herrixka atzean utzi eta makinazko animalia eta izaki bereziz beteriko fantasiazko mundu batekin topo egingo du.  Egungo munduaren arazoak haurren begietatik ikusteko aukera emango digun lanak 2015eko Annie Sarietan film independente onenaren saria eskuratu zuen. Horrez gain, 2016eko Oscar sariketarako animaziozko film onenaren kategorian proposatu dute.

Bogowie

Gertaera errealetan oinarritutako film poloniar honek, Zbigniew Religa izeneko kirurgialariaren historia kontatuko digu. 80ko hamarkadan Religak lehen bihotz transplantea egin zuen bere lankideen esamesei kasurik egin gabe. Gizaki baten bihotz transplantea lehen aldiz egiten ausartzeagatik, oztopo moral, kultural eta erlijiosoei aurre egin behar izan zien.