Dolores Redondoren El guardián invisible eleberri arrakastatsuaren zinemarako egokitzapenak badu aktore protagonista. Marta Eturak (Donostia, 1978) egingo du Amaia Salazar Nafarroako foruzainaren papera, ikusmin eta zirrara handia eragin duen aukeraketaren ostean. Saga osatzen duten hiru liburuen (El guardián invisible, Legado en los huesos eta Ofrenda a la tormenta) 700.000 ale saldu dituzte mundu osoan zehar, eta 32 hizkuntzetara itzuli dituzte.
Orain, Stieg Larssonen Millenium sagako ekoizle Peter Nadermannek erosi ditu pantaila handirako egokitzapena egiteko eskubideak. Fernando González Molina (Palmeras en la nieve, 3 metros sobre el cielo…) iruindarrak zuzenduko du trilogiako lehen filma, eta errodajea aurki hasiko dela aurreikusi dute, besteak beste, Baztan inguruko lokalizazioetan.
Estren casting-a
Hain zuzen ere, bailaran grabatuko diren sekuentzietarako adin eta sexu ezberdineko estra bila dabil filmeko lan-taldea. Interesa dutenak, larunbat honetan, otsailak 20, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean egingo den casting-era gerturatzeko aukera izango dute, 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etik 20:00ra.