Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
Sezesio-gerratik urte batzuk igaro dira. John Ruth (Kurt Russell) sari-ehiztaria eta Daisy Domergue (Jennifer Jason Leigh) iheslaria baso elurtu bat gurutzatzen ari dira diligentzia batean. Red Rock herrira heldu nahi dute Ruthek ordainsaria kobratu dezan. Bidean Marquis Warren (Samuel L. Jackson) sari-ehiztaria eta Chris Mannix (Walton Goggins) Red Rockeko sheriff berria aurkituko dituzte, eta denak Minnieren mertzeriara joango dira aterpe bila. Bertan, ordea, ez dute Minnie aurkituko, lau gizon ezezagun baizik: Bob (Demian Bichir) aterpearen kargu dagoela dioen gizona, Oswaldo Mobray (Tim Roth) Red Rockeko borreroa, Joe Gage (Michael Madsen) ama bisitatzera doan gizona, eta Sanford Smithers (Bruce Dern) jeneral ohia. Eguraldi txarra dela eta, aterpean igaro beharko dute gaua denek elkarrekin, mesfidati.
Tarantinoren berriena. Bi hitz horiek nahikoak dira The Hateful Eight deskribatzeko. Tarantino % 100ean. Batzuen ustez luze samarra, goreegia, Tarantinoegia. Niri mundiala iruditu zait. Tarantinoren elkarrizketak, Tarantinoren plano konposizioa, Tarantinoren umorea. Konbinazio bikaina. Ia hiru orduko iraupena du, bai, eta filmaren % 90 aterpe barruan gertatzen da, bai. Eta, hala ere, azkar pasa zait denbora. Horrek badu meritua. Odolaren kasuan, ez dut uste Tarantinoren filmik odoltsuena denik, nagusiki, ez dagoelako pertsonaia asko hiltzeko. Eta, bestalde, zer litzateke Tarantinoren film bat odol pixka bat gabe?
Samuel L. Jackson eta Tim Roth handien ondoan Jennifer Jason Leighen antzezpena nabarmenduko nuke. Pertsonaia bikaina sortu du Tarantinok: axolagabea, txoroa, indartsua. Eta Leighek antzezpenak papera borobildu du. Gizonen artean bere lekua aldarrikatzen duen emakumea.
Tarantino bete-betean dugu, beraz. Elkarrizketa, plano konposizio eta umore ukituek film aparta egiten dute The Hateful Eight. Hiru orduak azkar igaroko zaizkio ikusleari, eta Samuel L. Jackson eta Tim Rothen antzezpen bikainen ondoan, Jennifer Jason Leigh gailenduko da. Berriz ere: The Hateful Eight, Tarantinoren berriena.
https://youtu.be/6_UI1GzaWv0