Gaur hasi eta otsailaren 20ra bitarte, ikus-entzunezko 32 euskal ekoizpenez osaturiko katalogoa aurkeztuko du Basque Audiovisual markak, Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak eskaintzen duen erakusleihoan. Eusko Jaurlaritzaren eta Zineuskadiren eskutik, 22 ekoiztetxeren lanak ezagutaraziko dira, dokumentalak edo fikziozko film luzeak gehienak, eta oso fase ezberdinetan daudenak –garapenean, produkzioan, postprodukzioan edo burututa-.  Lan hauentzako lankidetzak, banaketa edo salmentarako kontaktuak bilatzeko baliatuko da jaialdia.

https://vimeo.com/153481093

(katalogoa osatzen duten zenbait proiekturen irudiak jasotzen dituen bideoa)

Honetaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan zinema errodajeetarako dauden lokalizazioak promozionatzea eta kanpoko ekoizleak erakartzea bilatuko du Jaurlaritzak European Film Marketean, Bilboko, Donostiako Eta Gasteizko Film Commissionekin elkarlanean. Horretarako, lokalizazioak erakusteaz gain, EAEak eskaintzen dituen abantailen berri ere emango dute: fiskalak, baliabide profesionalak, industria-azpiegiturak, ikus-entzunezko zerbitzuak…

Azkenik, jaialdi internazionala probestuko dute Glocal Cinema: big stories, small countries izeneko manifestua sinatu zuten 15 herrialde eta eskualdetako institutu zinematografikoen ordezkariak berriro elkartzeko eta etorkizuneko bide-orria zehazteko. Egitasmoaren helburua hizkuntza ez hegemonikoetan egiten den zinema produkzioa sustatzea da. Donostiako Zinemaldian egin zen lehen bileran esperientziak trukatu eta kooperazio bideak garatu ostean, jarraipena emango zaio Berlinalen. Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Ainhoa González Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiko arduraduna izango dira euskal ordezkariak.