creedpostersmallZuzendaria: Ryan Coogler

Urtea: 2015

Herrialdea: AEB

Adonis Johnson (Michael B. Jordan) Rocky Balboaren (Sylvester Stallone) aurkari nagusia eta lagun mina zen Apollo Creeden semea da. Gazteak ez zuen aita ezagutzeko aukerarik izan, bera jaio baino lehenago hil zelako. Adonisek boxeoa odolean darama, eta lana utzi ondoren, Filadelfiara joango da boxeolari profesional gisa prestatzera. Bertan, jatetxe bat daraman Rockyrengana joko du, eta bere entrenatzailea izan dadin eskatuko dio. Urte asko badaramatza boxeoaren mundutik urrun, baina erronka onartuko du Rockyk.

Creed, hain zuzen, Rockyren entrega berria edo spin offa dela diote. Lehen film hartatik ia 40 urte igaro direnean, boxeo mundutik erretiratuta dagoen pertsonaiaren azalean egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu Sylvester Stallonek (Urrezko Globo bat, Critics Choice Award edo kritikaren saria, eta Oscarretarako hautagaia ere bada).

Aitortu beharra daukat nork bere burua gainditzeari edo/eta entrenamenduei buruzko filmak asko gustatzen zaizkidala. Berdin zait zein kirol edo disziplina jorratzen duten, filma amaitu orduko Londresko ballet eskolan sartu nahi dut, Wimbledon torneoa irabazi edo karateko txapelduna izan. Beraz, aste honetan boxeolaria izan nahi dut.

Zuzendaritza lan txukuna duen arren, kirol film klasiko bat da Creed. Ez dugu sorpresa edo berrikuntza gehiegi topatuko. Horrek ez dio balioa kenduko, noski, baina aipatutako gainditze istorioak edo entremendu filmen zale ez den ikusleak ez du lanaz gehiegi gozatuko. Hala ere, Rockyren eta protagonistaren arteko harremana filmaren puntu indartsuenetako bat da, eta neskarekin lotutako adarra oso ahula iruditu bazait ere, bi boxeolarien arteko istorioaz disfrutatu dut.

Creeden benetako sorpresa, ordea, Sylvester Stallone jauna da. Barrea eragiten didan aktorea da. Bere aurpegi desitxuratu xelebreak eta hizkera ulergaitzak, noski, eragina dute horretan. Baina Rockyren paperak hunkitu egin nau. Stalloneren bizitzaren isla dirudi: bere ametsa zen horretatik urrunduta bizi da, eta aukera berri batek ilusioa eta esperantza itzuliko dizkio. Oso antzezpen pertsonala egin du aktoreak, eta horrek pertsonaia indartsua bilakatu du Rocky.

Gainditze istorio bati buruzko film klasikoa dugu, beraz, Creed. Zuzendaritza lan ona, berrikuntza handirik gabea. Rocky eta Creeden arteko harremana filmaren puntu indartsuenetako bat da, eta Stalloneren antzezpena benetako sorpresa. Rockyren zaleentzat ez ezik, nik bezala era honetako filmak gustuko dituztenentzako aproposa.