Euskal Aktoreen Batasunetik jakitera eman dutenez, Goenkaleko Maria Luisa pertsonaiagatik ezaguna egin zen Kontxu Odriozola (Azpeitia, 1947) euskal aktorea hil da, 70 urterekin. Gaur emitituko da ETB1n, irailean parte hartu zuen Euskaldunak saioa.
Hamazazpi urtez irakasle lanetan aritu ostean, 30 urte pasatxo zituela hasi zuen bere aktore ibilbidea Kontxu Odriozolak, txikitatik zuen ametsari jarraiki. Interpretazio eskolak jasotzen hasi zen orduan, eta harrezkero, hainbat antzezlan, telesail eta filmetan parte hartu zuen.
Antzerkian, Pippin (1986), Ama begira zazu (1989), Ezetz lepoa jarri (2005) eta Lapur zuloa (2007) lanetan aritu zen. Telebistan, Goenkaleren aurretik, ETB1eko Bai Horixe (1986) eta Flamingo berria (1993) saioetan lan egin zuen. Zinean berriz, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenez aidanez (1986), eta Telmo Esnalen Amona Putz! laburra (2010) eta Urte berri on amona (2011) luzea egin zituen.
Baina zalantzarik gabe, Goenkaleko Maria Luisa Galardi pertsonaiak eman zion ospea, telesaila 1994an estreinatu zenetik 2007ra arte gorpuztu zuen pertsonaiak. Hamahiru urtez, Euskal Herriko milaka etxeetako pantailetatik jarraitu zituzten Arraldeko pertsonaia indartsuaren joan-etorriak. Ezagunak dira bereziki, telesaileko hainbat pertsonaiarekin izandako tirabirak, Leonor kubatarrarekin edo Isaias enpresariarekin, esaterako.
Sare sozialetan berehala zabaldu da bere heriotzaren berria, eta lankide, lagun, jarraitzaile eta aurpegi ezagun andanaren agur eta dolumin mezuak bete dute Twitter:
ETBtik jakinarazi dutenez, gaur gauean emitituko da irailean Pello Zabala eta Jon Plazaolarekin batera parte hartu zuen Euskaldunak saioa, Hasier Etxeberriak gidatutakoa.