Bilboko UniKo ekoiztetxearen bi produkzio, Alberto Vázquezen Sangre de Unicornio eta Khris Cemberen Viaje a pies animaziozko film laburrak, ICAAk osatutako 2015eko 10 film labur onenen zerrendarako hautatu dituzte. Filmak, nazioarteko azoka eta jaialdietan proiektatu eta banatuko dira.

Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Institutuak (ICAA)k osatutako 2015eko ‘Shorts from Spain’ katalogoaren %20a euskal ekoizpenek osatuko dute. Bilboko UniKo ekoiztetxearen Alberto Vázquezen Sangre de Unicornio eta Khris Cemberen Viaje a pies  film laburrak dira hain zuen gure ordezkariak, 10eko zerrenda hori osatzen duten animaziozko bakarrak gainera.

Katalogoaren helburua hautatutako obren hedapena eta nazioarteko azoketan parte hartzea bultzatzea da. Hala, DVDa ICAA presente dagoen nazioarteko azoka eta jaialdietan banatuko da, eta horretaz gain, hainbat proiekzio ere antolatu dituzte atzerrian dauden Cervantes Institutuetan, AECID (Nazioarteko Kooperaziorako eta Garapenerako Estatu mailako Agentzia)ren ordezkaritzetan, eta ikasketa espainiarrak eskaintzen dituzten Unibertsitatetan. Lehen emanaldia, bihar hasiko den Clermont Ferrand film laburren jaialdi frantziarrean egingo dute.

Sangre de unicornio adar bakarrak ehizaten dituzten bi hartz protagonista dituen fabula da, Cain eta Abelen mitoaren berrinterpretazio garratza. UniKo eta Abrakam Estudiok ekoizia, finalista izan zen 2015eko Goya Sarietan, eta nazioarteko 200 jaialdi ingurutan parte hartu du, hala nola Annecy (Frantzia), Clermont Ferrand (Frantzia) edota Slamdance-n (AEB).  Guztira, 25 sari baino gehiago jaso ditu.

Viaje a pies, grafismoa suspensearen elementuekin nahasten duen komedia beltza da. 2015eko maiatzan estreinatu zenetik, nazioarteko 70 jaialditatik igaro da, besteak beste, Annecy (Frantzia), Foyle (Irlanda), Anima Mundi (Brasil), AISFF (Hego Korea), ReAnimania (Armenia), edo AnimaSyros (Grezia). Goya sariketen film laburren sailerako aurre-hautatua izan zen.