The Revenant
Oscar sarietarako faborito nagusia, iritsi da azkenean zinema pantailetara. Asko entzun dugu Alejandro González Iñárrituren azken lanaz. Muturreko egoeretan errodatua, Leonardo DiCaprio hartz baten erasoa jasotzen duen Hugh Glass esploratzailearen azalean sartuko da. Larriki zauritua, bere kideek Estatu Batuetako paraje basatian abandonatua utziko dute, negu gordinari eta amerikar natiboen etengabeko gerrei aurre egin beharko dielarik. Iaz, kritika eta ikusleen laudorioak jaso zituen zuzendari mexikarrak Birdmanen gizakiaren erretratu bortitza egiteagatik. Beste era batera, berriro ere gizakia eta ikusleak frogan jarriko ditu Gonzalez Iñarrituk indarkeriaz eta aldi berean poesiaz beteriko erronka ausart honetan.
Carol
Nueva York, 50 hamarkada. Therese Belivet (Rooney Mara) Manhattaneko dendari gaztearen bizitzak bira bat emango du zorigaiztoko harreman batean harrapatua dagoen Carol Aird (Cate Blanchett) emakume dotorea ezagutzen duenean. Bien arteko konexioa berehalakoa izango da. Todd Haynesen narratiba bikainari, bi aktore protagonisten goi mailako interpretazioak gehitu behar zaizkio. Maisulan fin bezain ederra.
https://www.youtube.com/watch?v=H4z7Px68ywk
Reverso
Sekretu bat dute elkar ikusi gabe denbora asko daramaten Alex eta Marcos. Elkar egon ziren azken egun horretan Alex ia heriotzara eraman zuen jolasa gogoraratuko dute orain. Horrekin batera, mendekua etorriko da. Carlos Martin espainiarrak zuzendu du filma, eta Iván Hermés eta Raúl Mérida aurkituko ditugu protagonista lanetan.
Informe General II – El nuevo rapto de Europa
1976 urteko Informe general sobre algunas cuestiones de interés para una proyección pública dokumentalaren bertsio berrituan, Pere Portabellak gizarte espainiarraren errediografia egingo digu. Trantsizioan gertatu bezala, hiritarrak protagonismo berezia hartzen duen garai batean kokatzen du lana zinegile katalanak, eta herrialdeak bizi duen krisiaren dimentsio politiko, ekonomiko, sozial eta ekologikoa aztertzen ditu sareen eta kulturaren bitartez.