Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
2002. urtean, Boston Globe aldizkariko Spotlight saileko kazetariak urte luzez ezkutatuak izan ziren Bostongo apaiz baten aurkako pederastia salaketak ikertzen hasi ziren. Mike Rezendes (Mark Ruffalo), Sacha Pfeiffer (Rachel McAdams), Walter Robinson (Michael Keaton) eta Matt Carrollek (Brian d’Arcy James) osatutako taldea laster ohartu zen berria uste baino potoloagoa zela.
Oscar sarietarako hainbat kategoriatan proposatu dute (tartean film, zuzendari eta gidoi onenaren kategorietan), eta asteburu honetan banatu diren SAG sarietan (AEBtako aktoreen sindikatuaren sariak) aktore talde onenaren saria jaso du lanak.
Ez dut gogoz handiz hartu McCarthyren filma. Oscar sarietarako hautagai bat gehiago zela pentsatzen nuen. Sorpresa hartu dut, ordea. Hautagaitza bat gehiago da, bai, baina baita oso film indartsua ere.
Aitortu beharra dut gaiak mamia duela: urte askoan ezkutuan egon diren apaiz baten aurkako pederastia salaketak, haritik tira egin ahala irteten diren biktima eta akusatuak… Baina gertaeren alde morbosoan zentratu ordez, ikerketa lanetan jarri du fokua McCarthyk, eta kazetari eta abokatuen munduan murgildu gaitu. “Misterioa” oso ondo eraiki du: pixkanaka eratzen da, informazioa gutxinaka emanez, ikuslegoaren interesa uneoro mantenduz. Eta hori ez da batere erraza.
Interpretazioei dagokionez, Mark Ruffalo eta Rachel McAdamsen lanak azpimarratuko nituzke. Filmean pisu handia dute (Keatonekin batera), eta zenbaitetan, ikerketa-lanetan diharduten pertsonaiek talde bezala funtzionatzen dutela dirudien arren, Ruffalo eta McAdamsen antzezpenek gainontzekoengandik bereizi dituzte. Ikerketaren tramak pertsonaienak baino indar handiagoa duen lan honetan, Ruffalo eta McAdamsek kazetari multzoa humanizatzea lortu dute.
Film indartsua da, beraz, McCarthyren azkena. Kazetari-detektibe-abokatuen munduko inbestigazio lana du oinarri, eta suspentsea bikain eraiki du, ikuslegoaren interesa uneoro mantenduz. Oscar sarietan film onenaren kategorian hautagai izateaz gain (edo hautagai izan arren, Oscar sariek gehiegi konbentzitzen ez dituzten horientzat), benetan ikustea merezi duen filma.