‘Zergatik hegoak?’ antzerkia ikusten ari zela, Asier Altuna zinegilearen arreta piztu zuen Iraia Elias (Zarautz, 1980) aktoreak. Amama bere film berrirako protagonista bila zebilen, eta aurrean ikusi zuenak bete-betean konplitzen zituen bere petsonaiaren ezaugarriak.
Elias antzerkigintzatik zetorren, eta sekula ez zuen planteatu ere egin zinean edota telebistan lan egitea. Hala ere, zinegilearen proposamena entzun eta Amamaren gidoia irakurri zuenean, berehala batu zen proiektura. “Asier Altuna bezalako zinegile batekin lan egiteari ezin nion ezetzik esan” aitortu digu.
Eliasen estreinaldia pantaila handian ezin zen hobea izan. ‘Amaia’ pertsonaiaren interpretazioak kritikaren laudorioak jaso ez ezik, larunbat honetan banatuko diren Goya sarietarako aktore berrien atalerako proposamena jaso du. Aurkari izango ditu egun horretan, Antonia Guzmán (A cambio de nada), Yordanka Ariosa (El Rey de La Habana) eta Lara Izagirre zuzendari bermeotarraren eskuetan jarri den Irene Escolar (Un otoño sin Berlín).