Zineuskadiren Zinema Euskaraz ekimenari esker,  Pascal Plisson zinegile frantziarraren ‘Le Grand Jour’ filmaren euskarazko bertsioa ikusi ahal izango dugu asteburu honetatik aurrera Euskal Herriko hainbat zinema aretoetan.

Filmak euskaraz ikusteko ohitura sustatzeko helburuz sortu zuen Zineuskadi elkarteak Zinema Euskaraz programa 2012an. Harrezkero, urtean dozena bat film euskararatu eta proiektatzen dituzte Euskal Herriko hainbat zine aretoetan. 2015ean, esaterako, hamabi filmen euskarazko bertsioak estreinatu ziren, horietatik hamar animaziozkoak, eta bi dokumental.

Zineuskadiko arduradunak pozik azaldu dira programak izan duen bilakaerarekin. “Urtetik urtera gehiago dira euskarara itzultzen ditugun filmak. Kopurua baino garrantzitsuagoa da bilakaera naturala izaten ari dela, pelikulak euskaraz kontsumitzeko ohitura areagotuz doalako. Ikusle datuak, gainera, orokorrean onak izaten ari dira. Gure aldetik behintzat, etorkizunean filmak euskaratzen jarraitzeko erronkari eutsi nahi diogu”.

Asteburutik aurrera, ‘Egun handia’

Zinema Euskaraz programako urteko lehen filma, gaur estreinatuko da Euskal Herriko hiru zinema aretotan: Multicines (Bilbo), Florida (Gasteiz) eta Principen (Donostia).

Egun handia gertu dago. Hilabeteak daramatzate, baita urteak ere, prestatzen. Badakite egun berezi horrek beren bizitza alda dezakeela betirako. Dokumentalak proba bati aurre egin behar dien Kuba, India, Uganda eta Mongoliako lau gazteren -Albert, Nidhi, Tom eta Deegii- istorio erreala kontatzen du. Giza ahaleginari buruzko istorio zirraragarria da Egun handia: hezkuntzari, ahaleginari, itxaropenari eta adoreari egindako gorazarrea.

egunhandia

Fitxa

Jatorrizko izenburua: Le Grand Jour
Kalifikazioa: Publiko guztientzat egokia
Iraupena: 86 minutu
Herrialdea: Frantzia
Generoa: Dokumentala
Zuzendaria: Pascal Plisson
Gidoia: Pascal Plisson, Olivier Dazat
Musikagilea: Krishna Levy
Produktorea: Muriel Sauzay