youth

Zuzendaria: Paolo Sorrentino

Urtea: 2015

Herrialdea: Italia

Fred Ballinger (Michael Caine) orkestra zuzendari ospetsua Suitzako bainuetxe batean ari da oporrak igarotzen. Ingalaterrako erreginak haren kanta famatuenen kontzertu bat eskaini dezan nahi du, baina Fredek arrazoi pertsonalak direla medio, uko egin dio. Bainuetxe berean daude Mick (Harvey Keitel) bere film berriko gidoia idatzi nahian, eta Jimmy Tree (Paul Dano) aktore ospetsua, antzeztu behar duen pertsonaia berria eratzeko inspirazio bila. Nork bere arazoei irtenbide bat bilatu nahian igaroko dituzte oporrak.

2015ean Cannes-eko jaialdian aurkeztu zuen filma Sorrentinok. Txaloak eta txistuak jaso zituen.

Nondik hasi?

Youth sekuentzia multzo bat dela iruditu zait. Hare gehiago, zenbaitetan plano multzo bat dela ere esango nuke. Oso ondo errealizatutako planoak dira, hori bai. Argazkia bikaina da (kamara mugimendu gehiegi, beharbada, nire gusturako), soinu banda indartsua, umore puntu asko eta aktore apartak. Ezaugarri guztiak dituela esan genezake, filma benetan ona izateko. Baina ez da hala. Nire iritziz, behintzat. Konexio edo lotura gabe bildutako sekuentzia segida bat iruditu zait. Gauza gehiegi, teknika gehiegi, erreferentzia edo omenaldi gehiegi erabiltzen saiatu den norbaiti atera zaion sekuentzia segida. Era independentean funtziona dezaketen arren, film bat osatzerako garaian hanka-motz gelditzen diren sekuentziak.

Hotz utzi nau Sorrentinoren filmak. Ez nau hunkitu. Apenas egin dut barre. Eta, egia esan, zenbaitetan atentzioa mantentzea kostatu zait. Aitortu beharra daukat zaila egiten zaidala objektiboa izatea. Gauza sinpleak gustatzen zaizkidan heinean, horrelako “gehiegikeriak” ikusten ditudanean alerta guztiak pizten zaizkit. Zentzu bat, arrazoi bat topatu behar dut, eta Youthekin galduta nenbilen.

Dena ez da txarra izango, oso detaile politak ditu Sorrentinoren filmak. Detaile sinpleak dira, eta, haien txikitasunak ematen dizun arnasa hartzeko unea benetan eskertzekoa da: Fred-en goxoki papera, Lenaren aitorpen hunkigarria, behien txintxarriekin sortutako orkestra inprobisatua. Filma aberasten duten une hauek oso era xumean daude erretratatuta, eta mila bitarteko gehiago dituzten ideiekin alderatuta, indartsuagoak direla esango nuke.

Maitasun eta gorrotoa sortu duen filma dugu, beraz, Sorrentinorena. Ezaugarri eta baliabide asko alde eduki arren (argazkia, soinu banda, aktoreak), filme bat eratzeko beharrezkoa den batasun edo konexio hori falta zaio. Hitz batean, definitu beharko banu “gehiegi” dela esango nuke. Eta aldi berean, hutsa sentitu dut.