Zine soziala sustatzeko eta lantzeko helburuarekin antolatu dute ekimema Elkar-ekin taldeak eta Azpeitiako Paradisu Zinema zine klubak elkarlanean. Urtarriletik martxora bitarte, hilean film bat eskeiniko dute Soreasu Antzokian, eta ondoren solasaldi irekia egingo dute.

elkar-ekin_zine

(Arg: E. Albizu Lizaso – Urola Kostako Hitza)

“Pentsamendu kritikoa sustatzeko kanal bat da kultura, eta horren baitan zinema ere bai”. Premisa horretatik abiatu ziren Elkar-ekin aldaketa sozialerako Azpeitiako herri mugimendua, eta Paradisu Zinema zine kluba, zine sozialaren inguruko ziklo hau antolatzerako garaian, Eneko Ibarguren Elkar-ekineko  kideak Urola Kostako Hitzari adierazi bezala. “Tresna hezitzailea” izateko asmoa dute urtarrila eta martxoa artean proiektatuko dituzten hiru filmek. Emanaldien ostean, solasaldiak antolatu dituzte iritzi trukaketa sustatzeko.

Xabier Gantzarain Paradisu Zinemako kidearen hitzetan, bi elkarteen artean aukeratu dituzte filmok, eta “aktualitateko gaiak” lantzen dituzte, “gaur egun errodatutako pelikulak ez diren arren”. Hala, lehen emanaldia bihar, urtarrilak 28, izango da, eta etorkinen inguruko El rayo (Fran Araújo, Ernesto de Nova, 2013) eskainiko dute. Otsailaren 25an, Rebelle (Kim Nguyen, 2013) proiektatuko da, Kongon soldadua izateko 12 urterekin bahitutako neska baten istorioa. Zikloari amaiera emango dio martxoaren 17ean Angst essen Seele auf – Denok deitzen gara Ali (Rainer Werner Fassbinder, 1974) arrazakeriaren gaia lantzen duen filmak. Emanaldi hau Nazioarteko Arrazakeriaren Egunean eskainiko da hain zuzen.

Filma guztiak 21:00etan hasiko dira, eta sarrerak 4 euroko salneurria izango dute.

Urtarrilak 28. El Rayo.

Otsailak 25. Rebelle.

Martxoak 17. Angst essen Seele auf – Denok deitzen gara Ali

https://www.youtube.com/watch?v=UwrSJk9UGug

Iturria: Urola Kostako Hitza