Zabalik da jada 2016ko Donostia Zinemaldiko irudia aukeratzeko lehiaketara lanak bidaltzeko epea. Otsailaren 25a bitarte izango dute aukera parte hartzaileek Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema sailetarako beren diseinuak bidaltzeko. Irabazleak, online bidezko bozkaketa publikoaren eta epaimahai baten erabakiaren artean aukeratuko dira. Deialdi honetatik kanpo geratzen da aurten kartel ofiziala, espreski gonbidatutako 10 diseinu-estudioren proposamenen artean hautatuko baitute.
Erabaki horrekin, “formula misto” baten alde egin nahi izan du Zinemaldiak aurtengoan. Alde batetik, online lehiaketa diseinatzaile guztiei irekita dago, eta honako sail hauetara aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek beren kartelak: Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara nahi beste kartel aurkezteko aukera izango dute. Ondoren, herritarrek kartelik gustukoenak bozkatu ahal izango dituzte, eta horren ostean, epaimahai batek irabazlea hautatuko ditu boto gehien lortzen dituzten lanen artean.
Bestalde, online lehiaketatik kanpo geratuko da kartel ofiziala. Azken hau, 10 diseinu-estudiok aurkezturiko proposamenen artean aukeratuko da, eta urtero estudio ezberdinei helaraziko zaie gonbidapena. Zinemaldiak jakinarazi duenez, modu honetan, proposamenak aurkezten dituztenek edizioaren irudi nagusia izango dena garatzeko prozesuan beharrezko diren eskakizun guztiak betetzen dituztela bermatzea lortuko dute.
Lehiaketaren faseak eta sariak
Gaurtik hasi eta otsailaren 25a bitarte aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek beren lanak. Martxoaren 1etik aurrera jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat egongo da (sansebastianfestival.com/kartellehiaketa) herritarrek beren kartel gogokoenak aukeratzeko. Bozkaketa hori martxoaren 15erarte egongo da martxan, eta finalistak bi egun beranduago jakinaraziko dira. Martxoaren 18rako azkenik, epaimahaiak irabazleei jakinaraziko die beren erabakia, eta maiatzaren 6an egingo da kartel irabazleen jakinarazpen publikoa. Lehiaketaren irabazle edo irabazleek 1.000 euro garbi jasoko dituzte karteleko eta sail bakoitzeko.
Publikoaren boto ematea ere sarituko da, eta kartel irabazleen aldeko botoa eman dutenen artean sari-zozketa izango da, maiataren 10an jakinarakiko dena.
Info +: Lehiaketaren oinarriak.