Gaztezulo aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatzen duten Ika Mizka egitasmoaren laugarren edizioa joan zen abenduaren 3an jarri zuten martxan. Gazteak euskararen erabileraren garrantziaz jabetzea du helburu ekimenak, eta ikasturte honetako hirugarren saioa Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazio fakultatean, Aretxabaletan, egingo dute datorren asteazkenean, urtarrilak 27. Zinea.eus-eko lagunak ere bertan izango gara!
Euskararen inguruan ditugun kezkak, bizipenak, pozak, zailtasunak eta eguneroko sentipenak azaleratzeko tartea izango dugu datorren asteazkenean Aretxabaletan. HUHEZI fakultateko ikasleek hartuko dute parte saioan, eta haiekin batera izango gara ikus-entzunezkoetan jarduten dugun hainbat eragile, tartean, Zinea.eus-eko lagunak. Hala, alor jakin honen inguruan eta arduradunek proposatutako gainerako hizketagaien gainean hartzen ditugun erabakiez eta landu beharreko auziez solastuko gara.
Ekimena 2012an abiatu zuten Gaztezulo aldizkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gazteak euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatzea eta haiengan jarrera aktiboagoak bultzatzea du helburu egitasmoak, eta horretarako, unibertsitateko ikasleak eta euskal aurpegi ezagunak zein alor ezberdinetako profesionalak biltzen dituzte zizka-mizkaz beteriko mahaien inguruan.
Hiru saio abendu eta urtarrilean
Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak ere bat egin dute proiektuarekin, eta urtero-urtero, hainbat saio antolatzen dituzte unibertsitateotako campus eta fakultateetan. Aurtengoan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean egin zuten lehen saioa abenduaren 3an, eta bigarrena EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien ikastegian, Donostian, abenduaren 16an. Hirugarren eta azkena MUren Ikus-Entzunezko Komunikazio fakultatean egingo dute datorren asteazkenean, urtarrilaren 27an.
Eskerrik asko Gaztezuloko lagunei, eta asteazkenera arte!