El_hijo_de_Sa_

Zuzendaria: László Nemes

Urtea: 2015

Herrialdea: Hungaria

Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan kokatutako filma da Saul fia. Bertan, Saul preso judutarra gas kamera garbitzeaz arduratuko da. Lurra garbitzen ari den batean, gorpuetako bat oraindik bizirik dagoela ohartuko da. Mutiko gazte bat da. Soldadu batek hil zion semea bailitzan, mutikoaren gorpua lurperatu nahiko du. Errabino bat aurkitzen ahaleginduko da horretarako, eta edozer gauza egiteko prest egongo da helburua lortu arte.

Beste hainbat sariren artean, Canneseko jaialdian epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen, eta 2016ko Oscar sarietan, ingelesaz besteko filmen atalean proposatu dute.

Kontzentrazio-guneen ikuspegi berri bat eman digu Nemesek. Gai honen inguruko milaka film ikusi baditugu ere, guztiz ezberdina da Saul fia. Baina istorioa edo gaia ez ezik, kontatzeko era ere berritzailea iruditu zait.

Saulen azalean jarriko gaitu Nemesek. Bere beldurra, urduritasuna eta ezinegona sentituko ditugu. Mutikoaren gorpua lurperatzea, ez dugu besterik izango buruan. Errabino bat aurkitu beharko dugu. Edozer gauza egingo dugu horixe lortzeko.

Ez da erraza Nemesek hartutako erabakia. Saulekiko enpatia hori lortzeko lehen planoaz baliatu da zuzendari hungariarra. Lehen planoaz, eta kamera ezegonkor baten bidez eginiko jarraipen planoez. Beraz, ikuslegoak ez du arnasa hartzeko unerik izango. 100 minutuz, Saulekin egongo gara. Zenbaitetan, deseroso sentiaraziko gaitu. Atseden bat hartu nahiko dugu, baina Nemesek ez digu emango, eta erabaki hori oso ausarta izan da.

Izan ere, film gogorra da. Saulen aurpegiak ia pantaila osoa estaliko digun arren, soinuaren erabilera izango da hotzikarak eragingo dizkiguna. Azken batean, beldur gehien eman ohi duena ikusten ez dugun hori izaten da, gure imajinazioak eraikitzen duen hori, alegia.

Auschwitzen kokaturiko aurrez ikusi gabeko filma dugu, beraz, Saul fia. Arnasa hartzen uzten ez duen filma; istorioko protagonista den Saulekin igaroko ditugu filmeko 100 minutuak. Gogor bezain indartsua, ikusten dugunak baino ikara handiagoa sortuko digu irudikatzen dugunak.