Andoaingo ekoizpen etxe Pixel izan da Donostia 2016k ekainean kaleratu zuen Prime Time deialdiko irabazlea. Kultura edukiak eta masa-audientzia uztartuko dituen telebista saioa egingo dute, eta EiTBn eskainiko dute. Proiektuak La cápsula izango du izena.
Formatu berritzaile baten bidez, telebista publikoak masa-audientziarengan izan dezakeen eragin kulturala aztertzea izango du helburu Prime Time proiektuaren baitan kokatuko den La cápsula saioak. Ondarea eta jarraitutasuna izango ditu ardatz, kulturatik eta aniztasunetik abiatuta. Horretarako, 100.000 euro jasoko ditu ekoizpen etxeak, eta emaitza EiTBk eskainiko du Cannesko telebista edukien MIPTV jaialdira joan aurretik.
Jan Salling (FRAPA), Nathalie Wogue (Ascendo TV), Triona Campell (Be Active) eta Bertrand Villegas (The Wit) izan dira hautaketa batzordeko kideak, eta Eiken Basque Audiovisual klusterra aritu da aholkularitza lanetan.
Pixelek proiektuan parte hartuko duten aktoreak aukeratzeko castinga antolatu du jada, eta lehen fasean 150 lagun aukeratu dituzte. Haietatik 30 pasako dira bigarren fasera urtarrilaren 26an Donostia 2016ren egoitzan egingo duten proban.