Zuzendaria: Danny Boyle
Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
Izenak dioen bezala, Appel etxearen sortzaileetako bat izan zen Steve Jobsen (Michael Fassbender) bizitzari buruzko filma da Boyleren azkena. Hiru etapa bereizi ditu, eta produktu jakin baten merkaturatzearekin lotuta dago bakoitza: Macintosh ordenagailu pertsonala 1984ean, NeXT Computer enpresa eta hari lotutako lehen ordenagailua 1988an, eta iMac ordenagailua 1998an. Jobsekin batera, Joanna Hoffman (Kate Winslet) Appleeko marketing zuzendaria, Steve Wozniak (Seth Rogen) Jobsen gaztetako lagun eta harekin batera Applen etxearen sortzailea, eta John Sculley (Jeff Daniels) enpresako zuzendaria izango ditugu filmeko pertsonaia nagusiak.
Hiru une konkretu erabili ditu Boylek Jobsen izaera itxi, perfekzionista eta egozentrikoa erretratatzeko. Hiru produkturen aurkezpenen egunak dira, eta eszenatokira igo aurreko minutuetan gertatutako gora-beheretan jarri du fokua. Oso planteamendu interesgarria iruditu zait; ez digu Jobsen eguneroko bizitza erakutsi, baina bere bizitza pertsonalak profesionalean nola eragiten duen azaldu digu. Hala, hiru ekitaldi horietatik kanpo gertaturikoak azaltzeko bi baliabide hautatu ditu Boylek: flashbackak eta elkarrizketak. Baina ez du formularekin asmatu. Izan ere, film guztia hitzez azaldu dizutela sentituko dugu. Etengabeko elkarrizketak; oso astunak eta korapilatsuak, zenbaitetan. Flashbackek ere elkarrizketak dituzte oinarri. 120 minutu irauten duten elkarrizketak. Azkeneko planoa salbatuko nuke. Ez dago hitzik, aldiz, eta filmaren funtsa ulertzen lagunduko digu.
Kate Winslet eta Michael Fassbenderren antzezpenak goraipatuko nituzke. Indartsuak dira, elkarrizketa horien guztien karga daramate, eta ez dira une bakar batean ere ahuldu. Winsleten zale sutsua naizen aldetik, beste behin ere, hutsik egin ez duela esan dezaket, eta bere antzezpenik onena izan ez arren, Boyleren filma ikusteko arrazoi nagusietako bat dela esango nuke.
Planteamendu interesgarria du, beraz, Steve Jobsek. Apple etxearen sortzailearen bizitza profesionaleko hiru une erabakigarri hautatu ditu Boylek, haien bidez Jobs hobeto ezagutu dezagun. Proposamen interesgarria bai, baina garapenean sartu du hanka zuzendariak. Dialogo eta azalpen amaigabeetan oinarrituriko garapena. Winslet eta Fassbenderren antzezpen indartsuek salbatu dute filma.