Zenbakiei erreparatuta, munduko zinema industria garrantzitsuena da Indiakoa: munduko rankinean, film labur eta luze gehien ekoizten dituen herrialdea da (atzetik ditu Nigeria, bigarren postuan, eta Estatu Batuak, hirugarrenean). Horretaz gain, indiarrak zinera gehien joaten diren munduko hiritarrak dira, hein handi batean zineak duen prezio herrikoia dela medio (17 zentimo sarrerako). Azken urteetan gainera, Indiako zinea mundu osora zabaltzen ari da.
Argudio nahikoak dira horiek, herrialde horretan egiten den ekoizpenari arretaz begiratzeko. Horixe izan du buruan Nafarroako Filmotekak hain zuzen Indiako zineari buruzko ziklo bat antolatzerako garaian. 2013 eta 2015 artean filmatutako zinearen inguruko bilduma bat proiektatzen ari dira den ostegunetik hasi eta urtarrilaren 29ra bitarte. Guztira, munduaren begirada berri bat aurkezten duten zortzi film garaikide emango dira, Nafarroako Liburutegiaren eta Filmotekaren eraikinean, 20:00etatik aurrera, eta jatorrizko bertsioan.
Ikus-entzunezko sormen modu berriak (Anonymous), zine klasikoaren pintzelkadak (Apur Panchali), superprodukzioen estiloari jarraitzen dietenak (Jai Ho)… besteak beste, ‘Indiako zinema /India zineman’ zikloaren barruan.
EGITARAUA:
- Handicrafts (Mar Guiren, 2015) + Vicente Ferrer (Agustín Crespi, 2013) –Urtarrilaren 7a, osteguna, 20:00
- Ankhon Dekhi (Rajat Kapoor 2013) – Urtarrilaren 8a, ostirala, 20:00
- Apur Panchal (Kaushik Ganguly, 2014)– Urtarrilaren 15a, ostirala, 20:00
- Anonymous (Ayan Banerjee, 2015) / Jai Ho (Umesh Aggarwal, 2015) – Urtarrilaren 22a, ostirala, 20:00
- Giltzaren plaza (Shamik K. Rakshit, 2015) / Nabalo (Bauddhayan Mukherji, 2015) – Urtarrilaren 29a, ostirala, 20.00