suffragette-01Zuzendaria: Sarah Gavron

Urtea: 2015

Herrialdea: Erresuma Batua

Ingalaterra, XX. mendearen hasiera. Garai hartan abiatu zen mugimendu sufragistari buruzko filma da Suffragette. Maud Watts (Carey Mulligan) dugu protagonista, arropa garbitegi batean lan egiten duen ama. Kasualitatez, sufragisten aldarrikapen-ekintza baten erdian topatuko du bere burua, eta pixkanaka, mugimenduaz interesatzen hasiko da. Hala, familia, lana eta ongizatea arriskuan jarriko ditu emakumeen eskubideak aldarrikatzeko borrokan.

Lehen oharra: zinemara Meryl Streep handia ikustera joateko asmoa baduzue, ahaztu, bost minutuko eszena bakar batean azaltzen baita, besterik ez. Garrantzitsua iruditu zait datu hau lehenbailehen ematea, izan ere, filmaren marketing kanpainaren aurpegi nagusietako bat da. Eta amu hori oso eraginkorra bada ere, publikoa engainatu dutela iruditzen zait. Hala ere, engainatuta edo ez, Carey Mulliganen antzezpena ikusteko aukera ere eskaintzen du filmak. Aurkako iritziak entzun izan ditut Mulliganen inguruan, baina niri betidanik gustatu izan zait. Ohiko kutsu ahul, inuzente eta otzan horrekin hausteko balio izan dio filmak.

Film zuzena da. Zuzendaritza eta plangintza onak ditu, antzezpenak ere indartsuak dira, argazkia ondo dago, gidoiak funtzionatzen du. Baina film bat ikusten dudanean, ez dut zuzentasuna nahi. Akatsak ikusi nahi ditut, zerbait egiten saiatu eta lortu ez izanaren arrastoak, ikuslegoari zaplazteko bat ematen dioten planteamendu berriak. XX. mendeko emakume ausartei buruzko lana da Suffragette, eta horregatik, ausardia espero nuen, ez zuzentasuna. Argi dago film komertzial bati ausardia eskatzea ez dela zentzuzkoena, ikuslegoa oso ohituta dagoelako kontaketa berdina jarraitzen duten filmak ikusten; egitura klasikoa, planoen logika “arrunta”, dialogoen bidez azaldutako istorioa. Horregatik, ahalik eta ikuslego zabalenera iristeko helburua duen lan batek koherentzia hori mantentzea da ohikoena. Baina zuzendaria emakumezkoa zela ikusi nuenean, eta gaia kontuan izanda, koherentzia horrekin apurtuko zuen film bat espero nuen. Ez da hala izan.

Historiako pasarte garrantzitsu bat pantailaratu du, beraz, Suffragetteek. Oso era klasikoan kontatuta dago, eta ausardia falta zaio. Hala ere, ikusteko atsegina da, eta interpretazio indartsuak ditu, nahiz eta Meryl Streep ikustera joaten direnak desengainatuta aterako diren zinema aretotik. Film zuzena dela esan dut; norberak erabaki dezala zein konnotazio duen zuzentasun horrek.