Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioa otsailaren 8tik 14ra luzatuko da, eta orotara 17 herrialdetako bederatzi film luze eta zortzi labur lehiatuko dira sail ofizialean. Hautaketa Batzordeak deialdira aurkeztutako 1.237 lanen artean aukeratu ditu.

'Olmo & The Seagull' filmeko fotograma.

‘Olmo & The Seagull’ filmeko fotograma.

Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoak, Koldo Almandoz zinegileak, Ozge Calafato programatzaile eta idazleak, Alexei Dmitriev zinegileak eta Guillermo G. Peydro zinegile, irakasle eta programatzaileak lan dezente izan dute aurtengoan, jaialdira aurkeztutako 1.237 lanen artean 17 hautatu behar izan baitituzte otsailaren 8tik 14ra Iruñean egingo duten Punto de Vista jaialdiaren 10. edizioan lehiatzeko. Gaien aniztasuna ez ezik, proposamenen estetika apurtzailea ere azpimarratu nahi izan dute batzordeko kideek.

Film luzeak:

  • Olmo and the Seagull. Petra Costa eta Lea Glob (Danimarka, Brasil, Portugal, Frantzia eta Suedia).
  • Las letras. Pablo Chavarría Gutiérrez (Mexico).
  • Cantonese rice. Mia Ma (Frantzia).
  • The death of JP Cuenca. João Paulo Cuenca (Brasil).
  • Writing on the city. Keywan Karimi (Iran).
  • Lampedusa in winter. Jakob Brossmann (Britainia Handia).
  • Casa Blanca. Aleksandra Maciuszek (Polonia).
  • Bella e perduta. Pietro Marcello (Italia).
  • Oleg y las raras artes. Andrés Duque (Espainia).

Film laburrak

  • The Tree. Roya Eshraghi (Kuba eta Costa Rica).
  • Extremes. Federico Molentino, Juan Manuel Ferraro (Argentina).
  • Among us. Guido Hendrikx (Herbehereak).
  • If mama ain’t happy, nobody’s happy. Mea de Jong (Herbehereak).
  • The Place. Julia Poplawska (Polonia).
  • The factory of the world. Minna Rainio, Mark Roberts (Finlandia).
  • Where is the jungle. Iván Castiñeir (Frantzia).
  • The Meadow. Jela Hasler (Suitza).

Hamazazpi lan horien artean hiru sari nagusi banatuko ditu Antje Ehmann zinegile eta artista alemaniarrak, Claire Simon zinegile britainiarrak, Javier H. Estrada kritikari eta programatzaile espainiarrak, Luis Ospina zinegile eta ekoizle kolonbiarrak, eta Maria Bonsanti programatzaile italiarrak osatutako epaimahaiak: film onenaren sari nagusia (10.000 euro), zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), eta film labur onenaren saria (3.000 euro).

Irekiera eta itxiera

Franco Piavoli italiarraren Il Pianeta Azzurro filmak emango dio hasiera jaialdiari, eta Thierry Knauff zinegile belgikarraren Vita Brevis dokumentalak itxiko du Punto de Vista hilaren 14an. Aldiz, gure inguruan gutxien hedatutako zinemari eskainitako Heterodokziak zikloa José Antonio Maenzari eskainiko diote aurtengoan.