Espainiako Ministroen Kontseiluak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Saileko ministroaren gomendioak jarraiki, Arte Ederretako Urrezko Dominak banatzen ditu urtero, eta aurtengoan, besteak beste, Jose Luis Rebordinos (Errenteria, 1961) Donostia Zinemaldiko zuzendaria saritu dute. Ainhoa Arteta abeslaria ere zerrendan da.
Errenterriarrak zuzentzen zuen bosgarrena izan zen joan zen iraileko Donostia Zinemaldiaren 63. edizio. Horren aurretik, baina, Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendaria izan zen 22 urtez, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria 21 urtez, eta Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendaria zortzi urtez. Pedagogian lizentziatu bazen ere, Errenteriako King Kong zine klubean egin zituen zinemaren munduarekin lotutako lehen urratsak, eta ordutik, zazpigarren artearekin harremanetan jardun du. Donostia hiria zinemarekin lotutako hiria bada, hein handi batean, Rebordinosek eta haren taldeak egindako lanagatik da.
Bada, hain zuzen ere zinemaren alorrean egindako lanagatik, Espainiako Ministroen Kontseiluak Arte Ederretako Urrezko Dominetako bat eman dio aurten, musika, dantza, antzerkia, moda, zientzia eta zinemako beste hainbat artistari bezalaxe. Tartean da, hain zuzen, Ainhoa Arteta soprano tolosarra.
Ilusio handiz hartu du errekonozimendua Rebordinosek, baina saria “atzean lan egiten duten lagun askorena” ere badela azpimarratu nahi izan du.