45_YearsZuzendaria: Andrew Haigh

Urtea: 2015

Herrialdea: Erresuma Batua

Kate (Charlotte Rampling) eta Geoff (Tom Courtenay) ezkondu zireneko 45. urteurren-festa antolatzen ariko dira. Astebete falta dela, Geoffek gutun bat jasoko du. Gaztetako neskalagunaren gorpua aurkitu dutela azalduko diote bertan, Suitzako Alpeetako glaziar batean izoztuta. 60ko hamarkadan erori zen glaziar hartara, Geoffekin Alpeak zeharkatzen ari zela. Bikotea kolokan jarriko du albisteak, isilpean gordetako kontu asko azaleratuko baititu.

Istorio xumea da 45 years. Izan ere, 45 urte elkarrekin egin ostean, albiste gogor baten ondorioz, adineko bi pertsonaren arteko harremanak jasan ditzakeen gorabeherak kontatuko ditu. Iraganeko mamuei buruzko istorioa ere badela esan genezake. Bikoterik sendoena ere kolokan jar daitekeenaren seinale. Printzipioz, 90 minutuko film batentzako joko gehiegi ematen ez duen istorioa dirudien arren, gidoi, antzezpen eta zuzendaritza bikainek film indartsua egiten dute 45 years.

Sutila. Halaxe definituko nuke Haighen azken filma, oso sutila. Ikuslea ohartu gabe, gatazka eraikitzen joango da pixkanaka, eta oso apurka azalduko zaizkigun informazio eta detaileek osatuko dute filma. Ikuslegoak, beraz, ez du istorioa “azaldu” zaiola sentituko.

Zuzendaritza bikaina du, halaber. Horren dago zaindua plano bakoitza… Film handia eraiki du Haighek istorio txiki batetik abiatuta. Zuzendari ausarta ere badela aitortu behar dugu, erabaki bat hartzen duenean, amaieraraino (literalki) eramaten duelako. Esaterako, filmeko protagonista Kate izatea. Hala nahi izan du hasieratik, eta ez du inongo arazorik izan Geoff planotik kentzeko; altzariren batek tapatuta, guztiz desenfokatuta, zein filmaren azken plano paregabean egiten duen eran, besterik gabe, planoa moztuta. Ez da erraza hasieran oso argi dagoen hautu bat film osoan zehar mantentzea, baina Haighek tinko eutsi dio bere erabakiari, eta hori (gustatu edo ez), guztiz txalogarria da.

Istorio xume baina indartsua da, beraz, 45 years. Film sutila ere bai, eta plano guztiak asko zaindu dituen zuzendari ausarta, Haigh. Rampling eta Courtenayren antzezpen apartek borobildu dute benetan ikustea merezi duen filma.