1895ko abenduaren 28a. Egun horretan Auguste eta Louis Lumière anaia frantziarrek, hilabete batzuk lehenago patentatu zuten zinematrografoa erabiliz, minutu eskaseko 10 film proiektatu zituzten Pariseko Salon Indien du Grand Café kafetegian. Bertaratu ziren historiako lehen 35 ikus-entzuleak txunditurik geratu ziren fenomeno optikoak beraiengan sortu zuen zirrararekin. Mundua eraldatuko zuen arte espresioaren lekuko izan ziren horiek. Zinea sortu zen.
Langileak lantegitik ateratzen. Horixe da gaurko egunez orain dela 120 urte proiektatu zen historiako lehen ikus-entzunezkoaren izenburua eta gaia. Beste bederatzi lanekin batera, Pariseko Salon Indien du Grand Café kafetegia aukeratu zuten Lumière anaiek kamera zinematografoaren bidez sortu zituzten lehen 10 filmak aurkezteko.
35 pribilejiaturen aurrean egin zuten lehen emanaldi hura, franco baten truke, zein harrera izango zuen oso ondo jakin gabe. Eta hara non, ikusleen erantzuna oso ona izan zen. Berehala, ahoz aho zabaldu zen asmakuntza berria, eta hurrengo asteetan ikuskizunak bete egin ziren. Trenaren iritsiera erakusten duen lanak sortu zuen zirrara handiena publikoaren artean, trena pantailatik ateratzen zenaren ilusioa sortzen baitzuen.
Lehen 10 film horiek eguneroko pasarteak islatzen zituzten, plano estatikoz grabaturik. George Melier fikziozko zinemaren aita zegoen lehen emanaldi hura ikusteko aukera izan zuten 35 zorionekoen artean. Asmakuntzarekin txunditurik, bere zinematografikoa eraikitzea erabaki, eta antzerkian oinarrituta, lehen zinema platoa sortu zuen bere jardinean. Esperimentatzen hasi zen orduan, trukoak eta efektuak erabiltzen, eta zinea sortzen. Bere lanik ezaguna Ilargirako bidaia da, historiako lehen zientzia fikziozko lana deritzona.
Momentuko atrakzioa izango zela uste zen horrek 120 urte bete ditu gaurkoan. Asko dira ordutik hona zinemak bizi izan dituen eraldaketak, handienak akaso soinuaren, kolorearen eta aro digitalaren ezarpenaren eskutik etorri direnak. Moldaketak moldaketa, oinarriak hastapenetako berdina izaten jarraitzen du: mugimenduzko irudien bidez istorioak kontatzea.