Ataun of the Dead (2013) eta Joxean´s Hil Eben (2014) filmen ostean, hemen da Katihotsak Logia Kultur Elkartearen proiektu berria. Lehen bi pasartei segida emango dien Napar Dead  filmaren promozioaz ari zirela bururatu zitzaien, garagardo artean, pausu bat aurrera egitea: Euskal Herri osoko 26 zinemagile amateur eta ez amateur bildu, eta film kolektibo bat sortzea. Urte eta erdi iraun zuen sekretupeko prozesuaren ostean, argitara eman zuten proiektua 2015eko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta ordutik biran ari dira Euskal Herri osoan zehar.

Te eta kafeen bueltan elkartu ditugu Euskal Harriaren ABDak proiektuaren koordinazio taldeko Mikel Alvarez, Oskarbi Sein, Beñat Iturrioz eta Jon Artola (David falta da boskotea osatzeko), ideiaren sorrera, garapena, logistika eta asmoei buruz aritzeko. Ez zaitzatela haien jarrera informalak engainatu,  formal asko aritzen baitira lanean jartzen direnean. Emaitza ikusi besterik ez dugu. Zumalakarregi generala berpiztu zuten bezala, berpiztu dituzte euskal elementuak eta beldurrezko generoa, eta euskal zinemagintzaren erradiografia polita aurkeztu dute.

Izango dugu laster beren berri. Dabilen Euskal Harriari ez baitzaio goroldiorik lotzen.