Bridge of Spies Launch One SheetZuzendaria: Steven Spielberg

Urtea: 2015

Herrialdea: AEB

Gerra Hotzaren garaian, Sobietar Batasuneko espioi bat (Mark Rylance) defendatzeko eginbeharra ezarriko diote James Donovan (Tom Hanks) abokatuari. Ordainetan, estatubatuarren gorrotoa jasoko du Jimek lana behar bezala egin nahi izateagatik, baina espioiarekin duen harrremana estutzen doan heinean, geroz eta sutsuago borrokatuko du epaiketa justu bat izan dezan. AEBtako gobernuak Berlinera bidaliko du orduan Donovan, Sobietar Batasuneko gobernuarekin espioi truke bat negoziatu dezan.

Spielbergen zuzendaritza eta Coen anaien gidoia dituelako deitu zidan atentzioa Bridge of Spies filmak. Ez naiz Spielberg zalea (E.T. eta Indiana Jones filmak salbu, noski) baina gustuak alde batera utzita, oso zuzendari ona dela aitortu behar dut; hartu beharreko erabaki egoki guztiak hartzen ditu, planifikazio bikainak egiten ditu eta planoen konposizio ikusgarriak eratzen ditu. Eta Bridge of Spies ez da salbuespen bat.

Bi zatitan banatuta dago filmak kontatzen duen istorioa: batetik, abokatu-filma dugu, epaiketa eta guzti, eta bestetik, negoziazio-filma, ezkutuko paktu eta promesekin. Aitortu beharra daukat lehenengo zatiak interesa piztu zidan arren, bigarrena luzeegia egin zitzaidala, eta bisualki besaulkira hiltzatuta mantentzen zaituen ikuskizuna bada ere, Spielbegen lan bati hori baino gehiago eskatzen diodala.

Hala ere, gehien gustatu zaidana Rylance aktorearen antzezpena da. Hasiera batean, lan gehiegi eskatzen ez duen pertsonaia bat dela dirudien arren, filmak aurrera egin ahala, espioiaren pasibitate/lasaitasun kutsu hori dirudiena baino konplexuagoa dela ohartuko gara. Bikote polita osatzen du Hanksen pertsonaiarekin.

Spielbergen azken filma, beraz, zuzendari estatubatuarraren zaleentzako goxoki bat dela esan genezake. Beti bezain fin, ikusgarriak diren planoak dakarzkigu, pertsonaia protagonista bikote polit batekin, bi film bakar batean sartuta. Gustuak alde batera utzita, plangintza eta argazkilaritza bikaina dituen filma da, Spielberg onenaren mailara iristen dena.