Sala kaian, Aturri ibaiaren ertzean, kokatuko da Baionako zinema gune berria, Atalante eta L’Autre Cinéma aretoen fusioari esker. Bi egoitzak elkartzearen helburua, “zinema independentearen aldeko apustua indartzea” da, Jean-René Etchegaray Baionako auzapezaren esanetan. Egoitza berria 2017ko apirilean estreinatuko da, 3,4 milioi euroko aurrekontuarekin.

bayonaPausu bat aurrera egin du Baionako Herri Etxeak zinemaren eta zinemazaleen alde. kazeta.eus atarian jaso dutenaren arabera, kostuak murriztu eta zinema independenteari bultzada emateko helburuarekin, L’Autre Cinéma eta Atalante zinema gelak  elkartzea erabaki du Udalak. Horretarako, L’Autre Cinéma gelaren ondoko eraikuntza erosi dute, Aturri ibairen ondoan dagoen Sala kaia.

Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak aurreko ostegunean eman zien hasiera egoitza berriaren lanei, lehen harria jarriz. Berekin batera, Yves Ugaldek eta Florence Lasserre departamenduko kontseiluko kideak, Patrick Dallenes suprefetak, eta Jean-Pierre Saint-Pick Cinéma et Culture elkarteko lehendakariak parte hartu zuten ekimenean. Lanen aurrekontuan 3,4 milioi eurokoa izango da, hasiera batean 2 miliokoa izango dela uste bazuten ere. “Kostua ez da guk aurreikusi genuena, baina borondate politiko handia dugu”, aitortu du auzapezak.

Egoitza berri bat, garai berrietara egokitua

Egoitza berria egiterako garaian Atalante gelaren “izpiritua mantenduko” dutela adierazi dute Udaletik, eta horretarako, zinema gela zaharreko egurrak berrian erabiliko dituzte. Orotara 405 lagunentzako edukiera izango gune berriak, hiru gelatan banatuak, 207, 123 eta 75 eserlekurekin bakoitza.

Obrak irauten duten bitartean L’Autre Cinema itxia egongo dela jakinarazi du Saint-Pickek, baina dei egin die ikusleei Atalanteko emanaldietara joan eta proiektuari “sostengua emateko”. 2017ko apirilean irekiko ditu bere ateak Baionako zinema egoitza berriak.