Lekunberriko toki ezberdinak bisitatuz egingo du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen 20 urteko ibilbidearen errepasoa. Iragana aurretik izena du Badok, Berria, Debolex, Dijitalidadea eta Berri Txarrak-en artean lankidetzan egindako ekoizpenak, eta asteazkenean ikusi ahal izango da, emankizun bakar batean, 23:30ean, ETB1n.

“14 urtekin igo nintzen eszenatokira, eta ordutik ez naiz jaitsi”. Gorka Urbizuren hitz horiek ematen diote hasiera Euskal Herriak azken urteetan izan duen sona handieneko musika taldearen dokumentaleko teaserrari.  Iragana aurretik, horixe da talde nafarraren 20 urteko ibilbidea xehatzen duen ikus-entzunezkoaren izenburua, eta astezkenean, abenduak 23, emitituko da ETB1n.

Dokumentalaren haria Gorka Urbizuri Lekunberriko lokalizazio ezberdinetan egindako elkarrizketak izango dira, eta horien bitartez, taldearen hastapenak, urratsak eta mugarriak ezagutuko ditugu. Urbizuren kontakizunez gain, artxiboko irudiak, eta Euskal Herrian zein nazioartean egindako biretako irudiak ere tartekatuko dira. Irudi horietako asko, gainera, lehen aldiz erakutsiko dira.

Emanaldi bakarra ETB1n, eta larunbatean Berriarekin

“Ahalik eta ikusle gehien telebista aurrean biltzea” horixe da dokumentalaren ekoizleen helburua.  Abenduaren 23an, asteazkena, 23:30ean emitituko da lana ETB1n, eta filma telebistan ikusteko aukera bakarra izango da horixe. Telebista publikoaren aurrean indar erakustaldi bat egitea da erabaki honen arrazoia. “ETBk audientzia kopuruak argudiatzen ditu kultur edukiak ez programatzeko. Frogatu diezaiegun oker daudela, ikus dezagun dokumentala milaka lagunek”, adierazi dute ekoizleek. Halaber, abenduaren 26an, larunbata, Berria egunkariarekin batera erosi ahal izango da DVDa, 6 euroan.