The_LobsterZuzendaria: Yorgos Lanthimos

Urtea: 2015

Herrialdea: Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Grezia eta Frantzia

Etorkizun desatsegin batean kokatutako filma, bikotekiderik ez edukitzea debekatuta baitago. Hirian bizi diren bikotekiderik gabeko pertsonak Hotelera eramaten dituzte preso. Hotelean 45 egun dituzte bikotekidea aurkitzeko, eta hala egiten ez badute, eurek aukeratutako animalia batean bilakatu eta Basoan uzten dituzte. David (Colin Farrell) Hotelera iritsi berri da emazteak beste gizon bategatik utzi duelako. Txakur bihurtu zen anaiarekin bizi da, eta bikotekidea aurkitzeko egunak agortu ahala, irtenbide bat bilatu nahiko du.

Aurtengo Canneseko jaialdian epaimahaiaren saria jaso zuen Lanthimosen azken lan honek.

Zuzendariari eta filmari buruz ezertxo ere ez zekien lagun batekin joan nintzen zinemara. Eta egia esan, inbidia sentitu nuen, izan ere, ez zuen horrelako film bat espero, eta azaltzen zen informazio berri xelebre bakoitzarekin harritu egiten zen. Trailerra ikusita edo sinopsia irakurrita sorpresa efektu hori galdu egiten da, nahiz eta filmak berak informazio guzti hori azkarregi eman. Berezia baita The lobster, komedia beltzaren, dramaren eta maitasun istorioaren arteko nahasketa.

Lanthimosen filmean, elkarrizketak eta antzezpenak azpimarratuko nituzke, bereziki. Sortu duen mundu irreala oso interesgarria bada ere, istorioak indarra galduko du aurrera egin ahala, eta filma nondik nora joango den ulertu ondoren, gehiegitxo luzatuko da (nahiz eta astuna ez izan). Baina elkarrizketak bikainak dira. Horren dira artifizialak, faltsuak, absurdoak, non barreari eustea ezinezkoa egingo zaigun. Farrell ere bikain dago. Ez naiz sekula haren zalea izan, baina pertsonaia eder, adoretsu, arrakastatsuetan ikustera ohituta, harritu egin naiz The lobster filmean egin duen antzezpenarekin: gizon koitadu, koldar, baboa. Berarekin batera, Ben Whishawren pertsonaiak (mutil herrena) eta John C. Reillyrenak (zezeatu egiten duen gizonezkoa) osatutako hirukoa filmaren alderdi onena dela esango nuke.

Komedia beltza, drama eta maitasun istorioa uztartu dituen filma, beraz. Elkarrizketa bikainak eta Farrell, Whishaw eta Reillyk osatutako hirukoa azpimarratuko nituzke. Istorioak zenbaitetan indarra galduko duen arren, ez du une astunik, eta filmaren amaierako ironiak istorioko momentu ahulak orekatuko ditu.