Uda hasieran egiten den musika jaialdiaz haratago, EHZ Festibala proiektu artistikoen sorleku ere badela ez da berria. EHZinemaldia#1 izena du EHZ elkartearen ekarpen berriak, eta larunbat honetan, abenduak 19, emango da argitara.
Burujabetza gaitzat hartuz, egun osoko zinema egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Arratsaldeko 15:30etatik aurrera hasiko da programazioa, eztabaida informal bat egingo dute Yannis Yolountasen “Je lutte donc je suis” Greziaren inguruko filmaren egilearekin, Kubako Etxean. Beranduago, 18:30etan, filma bera ikusi ahal izango da Baionako Atalante zinegelan, eta horren ostean eztabaidarako unea zabalduko dute, Yoluntas beraren presentzian. Amaitzeko, pintxoak eskainiko dituzte greziar musikaz lagundurik.