Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Newroz Euskal Kurdu Elkartearen laguntzarekin, zinema kurduari buruzko zikloa antolatuko du gaur, abenduak 14, hasi eta ostiralera bitarte Santutxuko udal zentroan. Orotara hiru film eta bi dokumental eskainiko dituzte.

Nazioarteko jaialdietan saritutako eta gaurkotasun handiko bost ikus-entzunezko eskainiko dituzte gaur hasi eta ostiralera bitarte Kultur Gabonak programaren baitako Zinema Kurduaren Erakusketa zikloan. Emanaldiak 19:00etan abiatuko dituzte, Santutxuko udal zentroan, eta sarrera doakoa izango da.

Lanak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin. Landutako gaiak anitzak izango diren arren, barne gatazkak dituen eta nazioartean barreiatutako milaka biztanledun herrialdearen egoera zaila islatuko dute guztiek.

Ondorengoak izango dira bost lanak:

  • The Children of Diyarbakir (Miraz Bezar, 2009) – Epaimahai Gaztearen Saria lortu zuen 2009ko Donostia Zinemaldian (goian trailerra)
  • My Sweet Pepperland (Hiner Saleem, 2013) – Canneseko zinema jaialdiko sail ofizialean aurkeztu zuten 2013an
  • Were Dengê Min: Come To My Voice (Hüseyin Karabey, 2014) – Mar de Platako Nazioarteko Zinemaldian (Argentina) sari nagusia lortu zuen iaz
  • Kobanê, volver a empezar (Hispan TV, 2015)
  • Hilak bakarrik itzultzen dira etxera (Tina Leisch eta Ali Can, 2015)