Berlinale Zinemaldiaren 66. edizioa 2016ko otsailaren 11tik 19ra egingo dute, eta bertan antolatzen duten European Film Market azokan, ICAA Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak jarriko duen stand-aren baitan, euskal ekoizpenentzako stand bat izango da.
Garapen edo ekoizpen fasean dagoen lanen bat baduzu, edo 2015ean estreinatu den ikus-entzunezko baten ekoizle edo banatzailea bazara, datorren urteko Berlinaleko EFM azokara joateko aukera ezin hobea duzu. Izan ere, Zineuskadiren ekimenez, euskal ekoizpenentzako stand berezi bat jarriko dute ICAArenaren baitan.
Ez hori bakarrik: Euskadiko eta nazioarteko profesionalen arteko networking saioak bultzatzeko eta jaialdira joango diren euskal profesionalen lana errazteko, matchmaker bat jarriko dute bertara joango diren profesionalen eskura.
Proiektuak katalogoan gehitu ahal izateko, interesatuek mezu bat bidali behar dute info@zineuskadi.eu helbidera urtarrilaren 4a baino lehen.