Lau sarietarako hautagaia da Borja Cobeagaren El Negociador filma, tartean komediazko film onenaren sarirako. Sorpresa hala ere, Irene Escolar gazteak eman du, Lara Izagirre zinegile zornotzarraren Un otoño sin Berlin filmagatik aktore onenaren izendapena jaso baitu. Feroz sariak 170 kazetari eta kritikariz osaturiko Asociación de Informadores Cinematográficos de España elkarteak ematen ditu 2014 urteaz geroztik. Hirugarren edizio honen sari banaketa datorren urtarrilaren 19an izango da, Madrileko Gran Teatro Principe Pio antzokian.
Pozez jaso dituzte izendapenak Cobeaga eta Izagirrek gidatutako taldeek. Lau izendapen jaso ditu lehenaren ‘El Negociador’ filmak, komediazko film, gidoi, kartel eta aktore protagonista onenenen kategorietan. Azken honetan, Ramon Barea euskal aktore ezaguna da hautagaia. Emakumezkoen aktore onenaren atalean berriz, Irene Escolar ‘Un otoño sin Berlin’ filmeko protagonistak jaso du izendapena. “Hunkituta” jaso dute berria ekoizleek, sare sozialetan zabaldu dutenez:
Ez da, hala ere, Escolarrek lan honengatik jasotzen duen lehen izendapena. Aurreko astean jakin genuen Jose Maria Forqué saria eskuratzeko hautagaia ere badela, emakumezko aktore onenaren atalean. Datorren astean jakingo dugu halaber, Goya sarietarako errebelazio aktore onenaren izendapena jasoko duen. Errekonozimenduekin jarraituz, aipamen bereziak jaso zituen 63. Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinearen Irizar sarietan eta Tuterako Opera Prima Jaialdiaren 16. edizioan.
170 kazetari eta kritikariz osatutako elkartea
2013an sortu zen Espainiako Zinema Berriemailen Elkartea komunikabide ezberdinetako kazetari eta kritikarien arteko muga hautsi eta indarrak batzeko helburuarekin. 2014az geroztik, Feroz sariak antolatzen ditu elkarteak Espainiar Estatuko urteko zine produkzio onena saritzeko. 2016ko sari banaketa urtarrilaren 19an izango da Madrileko Gran Teatro Principe Pio antzokian, eta Silvia Abril aktoreak gidatu du.