2015 urteari amaiera emateko, bi titulu berri gehitu dizkiote Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programari. Batetik, Lech Kowalski-ren Drill Baby Drill (2013) arbel gasa ustiatzearen inguruko dokumentala eskainiko dute katalogoan, eta bestetik, Jemaine Clement eta Taika Waititi zuzendarien What We do In The Shadows (2014) komediazko dokumental faltsua.
Hauekin, 40 titulu baino gehiago jarri ditu Filmazpit katalogoak interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosterik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Donostia Kulturak kudeatua, eta Zineuskadi elkarteak finantziatua, egitasmoak Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta Tabakaleraren laguntza jasotzen du. Programa honen bidez Euskadiko zinemaldietan emandako zenbait film hautatu, proiektatzeko eskubideak erosi eta euskaraz azpititulatzen dituzte. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.
Zulatu, lagun, zulatu! (Drill Baby Drill) dokumentalak Estatu Batuak gasaren “erauzketa-iraultza”-ren aferan murgilduko gaitu. Europako herrialde batzuek amerikarrek hasitako bideari jarraitu nahi diote, tartean Polonia dagoelarik.
What We do In The Shadows filma berriz, Zeelanda Berriko komedia lau pisukideren inguruko dokumental faltsua da. Berezitasun bat izango dute lau lagun hauek: banpiroak direla. Protagonistek bizikidetzak dakartzan eguneroko gatazkei, inguruko gizotsoei eta teknologia berriei aurre egin beharko diete. Filmak 2014ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteko Ikusleen Saria jaso zuen.