Gaur bertan, abenduak 4, abiatu dute Durangoko Azokaren 50. edizioa. Eta nola ez, gu ere bertan izango gara! Igandean, hilak 6, 12:00etatik 13:30era ‘Euskal zine industriaren belaunaldi berria’ gidatuko dugu Irudienea gunean, Zugaza zinemetan (Uribarri kalea, 8), eta gurekin izango dira Lara Izagirre zinegilea, Irune Gurtubai ekoizlea, Joseba Usabiaga aktorea eta Miren Manias ikerlaria. 

Ikus-Entzun_CARTEL

Euskal zinema industriak loraldia bizi omen du; zein pertzepzio dute euskal zinegile/ekoizle/aktore gazteek? Zein zailtasuni aurre egin behar dio bere lehen filma egin nahi duen zinegile/ekoizle gazteak? Zailagoa da Euskal Herrian zinema egitea atzerrian baino? Aktore batek, zein irizpideren arabera erabakitzen du film bat egitea? Eta zergatik erabakitzen du euskal zinegile batek film bat euskaraz egitea?

Galdera horien eta beste hainbaten erantzunak ezagutu nahi badituzu, apuntatu ondorengo zita: abenduak 6, igandea, 12:00etan Durangoko Azokako Irudienea gunean (Zugaza zinemak). Ikus-entzuleek ere galderak egiteko aukera izango duzue, noski. Ez galdu!