Zuzendaria: Paul Weitz
Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
Elle (Lily Tomlin) 70 urte inguruko emakumea da. Borrokalari eta ankerra. Bere neskalagun Olivek (Judy Greer) bien arteko harremana eteten duen egunean, Sage (Julia Garner) biloba azalduko da bere atean laguntza eske. Ordu batzuk baino ez dituzte izango 600 dollar lortzeko; izan ere, Sage haurdun dago, eta hitzordua du abortu klinika batean. Ellen lagun eta ezagunen bila joango dira orduan diru eske, haren iragana ezagutzen lagunduko digun roadtrip antzeko bidaia batean.
Apurka-apurka eratzen doan istorioa dakar Weitzek. Argazki album zaharrak begiratzen ariko bagina bezala, Ellen bizitzaren pintzelkadak jasoko ditugu, eta hala, egun den emakumea izatera iristeko igaro dituen bizipenak kontatuko dizkigu. Ikuslegoaz gain, Ellen biloba ere amona ulertzen hasiko da horrela.
Umore eta sarkasmoz betetako istorio txikia, pisu osoa elkarrizketetan duena. Egun oso ezagunak zaizkigun gaiak jorratzen baditu ere, elkarrizketa biziek eta Ellen izaera borrokalariak eremu ezberdin batera eramango gaitu, eta prisma berri batetatik begiratuko diegu filmak jorratutako gatazkei. Elkarrizketek freskotasuna ematen diote Grandmari.
Lily Tomlinek 2016ko Oscar sarietan hautagai izan behar duela diote askok. Antzezpen mundiala egin du Grandman. Hasiera batean aspektu bakarrekoa dirudien pertsonaiari (70 urteko feminista borrokalari ankerra), matizak azaltzen joango zaizkio istorioak aurrera egin ahala, eta haien bilaketan topatuko dituzten oztopo bakoitzarekin pertsonaia konplexuago bat osatuko du. Bereziki aipatu beharrekoa da Lily Tomlin eta Sam Elliottek duten pasartea. Filmeko eszenarik hunkigarriena da, beharbada, bi aktoreen interpretazio bikainak izugarrizko indarra ematen baitio.
Istorio txiki baina indartsua dakarkigu Paul Weitzek, beraz, aski ezagunak ditugun gaiei freskotasuna ematen dieten elkarrizketaz betetako filma. Puzzle baten antzera eratuz doan istorioa da, pieza bakoitzak aspektu berri bat erakusten du, eta pertsonaia konplexuagoak eraikitzen laguntzen digu. Tomlinen interpretazio mundiala bigarren mailako hainbat pertsonaiarekin osatzen doa, berau indartuz. Umorez beteriko filma, ikuslegoak gaztakatsuak diren gaiei buruzko hausnarketa egiten du ia konturatu gabe.