Nanteseko Unibertsitateko irakaslea zelarik, eszedentzia hartu zuen Joxean Fernandezek (Donostia, 1973) 2010eko abenduan Euskadiko Filmategiko zuzendaritza postua hartu zuenean. Hilabete geroago, Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kide ere bilakatu zen.  Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua, Cine y Guerra Civil en el País Vasco (1936-2006) doktore tesiaren egilea ere bada.

Filmategiak Tabakalera eraikinean duen egoitza berrian egin digu harrera. 1978an sortu zenetik, egoitza ezberdinak izan ditu erakundeak, eta azaroan, espazio egonkor bat eskuratu du bere baliabide guztiak, bulegoa eta artxiboa, bateratzeko. Bide honetan, bere programazio iraunkorra hasi du Filmategiak, eraikinean kokatuta dauden beste erakunde batzuekin elkarlanean, tartean Donostiako Zinemaldia, Etxepare Institutua eta Tabakalera bera. Hauetan lehena, Victor Erice zuzendari donostiarrari azaroan eskaini dioten programazioa izan da.

Erronkez, ondareaz, trantsizioaz, eta zinemaz aritu gara Joxeanekin. Indartsu dator Euskadiko Filmategia.