Urtea: 2015
Herrialdea: Frantzia
Dheepan (Jesuthasan Antonythasan) Sri Lankako gerra zibiletik ihesi ari da. Frantziaren asilo eskubidea lortzeko, ezagutzen ez dituen Yalini (Kalieaswari Srinivasan) eta Illayaal (Claudine Vinasithamby) bere emaztea eta alaba direla esango du. Parisera iritsiko dira, eta hiriaren kanpoko aldean dagoen auzo gatazkatsu batean bizitzen jarriko dira; lana lortu eta pixkanaka egokitzen joango dira. Baina auzoan arazoak hasiko dira, eta ohartuko dira gerra batetik atera direla beste batean sartzeko.
Aurtengo Cannesko jaialdian film onenaren Urrezko Palmorria jaso zuen Audiarden lanak.
Istorio gogorra da, eta apur bat kontzientziatuta joan behar da zinemara. Baina ikusi nahi ez ditugun arazoak gure begien aurrean jarriko ditu. Horregatik, ondo dago halako gaiei erretratua egitea, fikzioa denez, nola edo hala, errazago onartzen ditugulako.
Lehen unean kosta egin zait pertsonaien azalean sartzea. Audiarden film gehienekin gertatzen zait. Pertsonaia hotzak dira, itxiak. Desatseginak egiten zaizkit hasieran. Baina ulertezinak zaizkigun egoerak bizi izan dituzte, eta gogortasun hori islatzeko era bikaina iruditzen zait. Haien azalean sartzera behartzen zaitu Audiardek, eta beste era batera justifikaezinak irudituko litzaizkigukeen ekintza eta jarrerak onartzen ditugu hala. Pertsonaien mundu txiki horiek era bikainean erretratatzen ditu, ikuslegoa bertan barneratzea erraztuz; eta horri esker, hankak galdu dituen baleen entrenatzaile baten azalean sartuko gara, baita espetxera sartu berri duten gazte arabiarrarenean ere. Eta Dheepanen kasuan, Sri Lankako familia ez ohiko honekin biziko dugu filma, haien erabaki eta jarrerak ulertuko ditugu, eta haien larritasuna elkarbanatuko dugu.
Gai garrantzitsu bat erretratatu du Audiardek: inmigrazioa. Film gogorra da, bizitza gogorra duten pertsonaiak azaldu dizkigu, eta haiek ulertzea, hasieran, kosta egingo zaigun arren, haien munduan barneratzea ahalbidetuko digu zinegileak. Eta egoera zail horiek bizi ahala, pertsonaien azalean sartuko gara, eta ikusi nahi ez ditugun errealitateak aztertzera behartuko dugu gure burua. Batek baina gehiagok ikusi beharko lukeen filma.