Asier Altunaren Amamak eta Juanma Bajo Ulloaren Rey Gitanok lortu dituzte gehien, hamazazpi eta hemeretzi hautagaitzarekin, hurrenez hurren; atzetik dituzte, Negociador (15), Pikadero (14), Un otoño sin Berlin (13), Walls (9), Echevarriatik Etxebarriara (8), Jai Alai Blues (8), Yoko eta lagunak (5), eta Oscar desafinado (1), besteak beste. Behin betiko izendapenak abenduaren 14an emango dituzte jakitera; 2016ko Goya Sarien gala berriz, otsailaren 6an izango da.
30 urteurrena beteko dute Goya Sariek, datorren otsailean Espainiako Arteen eta Zinema Zientzien Akademiak egingo duen galan. 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31era estreinatu diren 143 lan dira garaikurra lortzeko hautagaiak, horien artean, hainbat euskal produkzio.
Asier Altunaren Amama da hautagaitza gehien jaso dituen euskarazko filma, hamazazpirekin, film eta zuzendari onenarena tarteko. Iraia Elias eta Kandigo Uranga errebelazio aktore onenaren sarietako hautagaiak dira, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan. Gidoi originala (Telmo Esnal, Asier Altuna), taldeko aktoreak (Klara Badiola eta Ander Lipus), argazki zuzendaritza (Javier Agirre Erauso) musika originala (Javier Vicente Calderón, Maite Arroitajauregi) eta muntaia (Laurent Dufreche) alorrek eskuratu dituzte, besteak beste, gainerako hautagaitzak.
Gertu ditu Amamak bestelako euskal ekoizpenak. Juanma Bajo Ulloaren Rey Gitano hemeretzi garaikur lortzeko hautagaia da; Borja Cobeagaren Negoziador, hamabost; Ben Sharrockren Pikadero, hamalau; eta Lara Izagirreren Un Otoño sin Berlin opera prima, berriz, hamahiru. Dokumentalen generoan Walls, Echevarriatik Etxebarriara eta Jai Alai Blues lanak ageri zaizkigu; bederatzi hautagaitza ditu lehenak, eta zortzina beste biek. Azkenik, Yoko eta lagunak animazioa bost sarirako hautagaia da, eta Óscar desafinado, bakarrerako, fikziozko film labur onenaren sarirako, hain zuzen.
Abenduaren 14ean emango dizute ezagutzera behin betiko finalistak, eta otsailaren 6an sarituko dira espezialitate bakoitzeko profesional onenen lanak, Goya Sarien galan.