20. urte bete dituela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteak, horien artean, Zine Kontari 2015 euskaraz idatzi eta ekoiztutako zinemaren zikloa, SGAE Fundazioarekin elkarlanean. Euskarazko film labur eta luzeak sustatzeko asmoz, azaroaren 23tik 26ra luzatuko dira emanaldiak, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Pase guztiak 19:00etan hasiko dira, eta bi euroko salneurria izango dute (bost euro lau saioetarako pasea hartuz gero).
- Azaroak 23, astelehena: Kimuak katalogoko zortzi film laburren erakustaldia. Ondorengo zinegileen filmak proiektatuko dira: Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Asier Altuna, Angel Aldanondo, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi.
- Azaroak 24, asteartea: 80 egunean (2010). Jon Garaño eta Jose Maria Goenagak idatzi eta zuzendutako euskal filma.
- Azaroak 25, asteazkena: Bypass (2012). Patxo Telleria eta berriki zendu den Aitor Mazok zuzendutako lana.
- Azaroak 26, osteguna: Bertsolari (2011). Asier Altunak idatzi eta zuzendutako dokumentala.
Datozen egunetan zehaztuko da, sare sozialen bidez, nork parte hartuko duen aurkezpenetan.