Durangoko Azokaren 50. edizioa abenduaren 4tik 8ra luzatuko da, eta gu ere bertan izango gara: hilaren 6an euskal zine industriaren belaunaldi berriari buruzko mahai-ingurua antolatuko dugu Irudienean. Lara Izagirre zinegilea, Irune Gurtubai ekoizlea, Joseba Usabiaga aktorea eta Miren Manias ikerlaria gonbidatuko ditugu bertara, eta ikus-entzuleen laguntzaz, solasean ariko gara 12:00etatik aurrera. Gonbidatuta zaudete!

Durango_Zinea

Euskal zine industriari buruz hari garela, “belaunaldi” terminoa maiz erabili ohi dugu. Urrutira joan gabe, hortxe ditugu 80ko belaunaldia (Imanol Uribe, Montxo Armendariz eta Victor Ericerena, besteak beste), 90ekoa (Julio Medem, Enrique Urbizu eta Elena Tabernarena, tartean) eta 2000koa (hala nola, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Altuna eta Borja Cobeagarena). Garaian garaiko zinema egiteko moduak, jorratutako gaiak, ikus-entzuleen joerak, instituzioetatik jasotako babesa eta beste hainbat alderdi bereizteko, baina baita ulertzeko ere, erabilgarria da kontzeptua.

Bada, berriki igaro den 63. Donostia Zinemaldian, BELAUNALDI berri baten etorreraren lekuko izan gara. Bertako kide dira, besteak beste, Lara Izagirre zinegile zornotzarra eta Irune Gurtubai ekoizle elorriotarra. Lehenak Un otoño sin Berlin bere lehen luzea (aurretik hainbat labur eta Next Stop Greenland -2012- dokumentala osatu ditu) Euskal Zinemaren Galan aurkeztu zuen, eta Irene Escolar aktoreak Irizar Sariko epaimahaikideen aipamen berezia eskuratu zuen. Bigarrenak, aldiz, Ben Sharrock zinegile eskoziarrarekin batera ekoitzitako Pikadero filma Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen, eta Zuricheko Zinema Jaialdian Kritikaren saria eskuratu berri du.

Zinegilearen eta ekoizlearen figura bezain garrantzitsua da, baina, aktorearena. Eta kolektibo inportante horren ordezkari izango dugu gurean Joseba Usabiaga tolosarra. Goenkale telesailean urte luzez ibili da, baita antzerkian ere. Berriki igaro den Zinemaldian, halaber, Pikadero filmeko aktore nagusia izan da Barbara Goenagarekin batera.

Miren Manias ikerlari oñatiarrak, ostera, kanpotik aztertu du azken urteetako euskal zinemagintzaren bilakaera. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, eta hori amaitutakoan lau urteko ikerketan murgildu zen. Iragan ekainean aurkeztu zuen, hain zuzen, Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: 11 film luzeren azterketa ekonomikoa izeneko doktore-tesia, eta 2005etik gaur egunera arteko gure industriaren nondik norakoei buruzko datu oso interesgarriak bildu ditu.

Zita, abenduaren 6an

Bada, 30 urteen bueltan diren belaunaldi berri horretako lau gonbidatuak eta gu geu ere (Zinea.eus atariko kudeatzaileak) Durangoko Azokako Irudienean izango gara abenduaren 6an, igandea, 12:00etan. Gu bezalatsu, bertan esango direnak entzuteko irrikatan bazaude, apuntatu zita egutegian!