Un_otono_sin_Berlin

Zuzendaria: Lara Izagirre

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

June (Irene Escolar) bere herrira itzuli da denboraldi bat atzerrian pasa ondoren. Haren aitarekin (Ramon Barea) tentsioz beteriko harremana duela eta, Diegon bere bikotekide ohiaren (Tamar Novas) etxera joango da bizitzera. Idazlea eta bakartia, Diegok hilabeteak daramatza etxetik irten gabe. Bestalde, frantseseko klaseak jasotzen hasiko da June, eta Nico (Lier Quesada) haurra ezagutuko du. Atzean utzi zuen bizitza hori berreskuratzeko ahaleginak egingo ditu neska gazteak.

Lara Izagirreren lehen film luzea da, eta aurtengo Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatu zen.

Gustoko dut zuzendari baten lehen film luzea ikustea. Hurrengo aukera noiz edukiko duten jakin gabe, eta haien barrena hustutzen dute filmean. Izagirreren kasuan, zentzu batean, izaera autobiografikoa duen istorioa da eta, beraz, pertsonalagoa bihurtzen du filma. Itxuraz istorio txiki bat dirudien arren, hainbat aspektu lantzen ditu Un otoño sin Berlinek, baina zenbaitetan ikusleen esku uzten da hauen interpretazioa.

Maitasun istorio polita kontatzen digu Izagirrek. Bere bikotekide ohiarekin ez ezik, bere aita, lagun eta ezagutu berri duen Nicorekin bizi dituen maitasun istorioak  erakusten dizkigu, eta horrek aberastu egiten du filma. Izan ere, detaile txikiz beteriko pertsonaiak dira, errealak bihurtzen dituzten detaileak, eta, beraz, ikuslearen identifikazioa lor dezaketenak. Edonola ere, pertsonaia goxoak dira, zuzendari-gidoilariak mimoz tratatuak. Protagonista June izan arren (Irene Escolarren aktuazioa nabarmentzekoa da), haren bidaian laguntzen duten bigarren mailako pertsonaiak ere ondo landuak daude.

Ihes eginez atzean utzi zuen bizitzara itzultzen den neska baten istorioa kontatzen digu, beraz, Un otoño sin Berlinek. Atzean utzitako beldur, maitasun eta pertsona horiei aurre egin beharko die protagonistak. Haien txikitasunean ere aberatsak diren pertsonaiez osatutako filma honek hainbat gai jorratzen ditu, horietako asko ikuslearen  interpretazioaren esku uzten dituelarik. Mimoz landutako filma da, txikiena den detailea ere ondo pentsatua duena. Izagirrek bigarren film luzean eskaini diezagukeenaren zain geratzen gara, beraz.