Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak egonkortasuna, ikuslego zabala eta eduki aniztasuna erdietsi ditu urteen poderioz. Urteroko maiztasuna berreskuratu ostean, aurtengoan denbora izango du ardatz Iruñean azaroaren 8tik 14ra egingo duten Punto de Vista jaialdiak. Baluarte izango da jaialdiko areto nagusi eta bakarra.
Aurtengo Punto de Vista jaialdiak hiru zutabe izango ditu: batetik, denbora; bestetik, Michael Snow zinegile kanadarraren bisita; eta azkenik, Jean-Daniel Pollet zinegile frantsesari eskainitako atzera begirakoa.
Lehenari dagokionez, eta jaialdiaren hamargarren urteurrena dela eta, Ten Years Older izeneko zikloa programatuko dute. Denbora aztergai duten lanak ez ezik, denborarekin lotura duten baliabideak, hala nola, flashbackak, errepikapenak eta elipsiak, erabiltzen dituzten dokumentalak ere bilduko dituzte bertan.
Horrez gain, Michael Snow Torontoko zinegilea jaialdira etorriko da, eta 1971n aurkeztu zuen La Région Centrale monumentu zinematografikoa aurkeztuko du. Eskultura, pintura, argazkigintza, holografia, instalazioak, liburuen argitalpena, bideoa eta musika, guztiak, zinea egiteko bere modu berezian islatzen dira. Saioa Baluarteko Ganbara Aretoan egingo dute, 444 ikuslerentzako tokia dagoen espazioan. Filmean ez dago ekintza fisikorik, ezta gizakiaren presentziarik ere. Naturaren eta makinaren arteko jolasa besterik ez.
‘Etxea eta Mundua’
2004an zendu zen Jean-Daniel Pollet zinegile frantsesa. Esploratzaile nekaezina, 1958an (21 urterekin), Pourvu qu’on ait l’ivresse bere lehen filma Veneziako Jaialdian aurkeztu zuen. Gerora etorri ziren Méditerranée (1963) eta L’Ordre (1974) laudatuak, besteak beste. Frantziatik kanpo ezezaguna da, bere lanak ez direlako beste hizkuntzetan azpititulatu eta oso gutxitan eskaini direlako atzerrian.
Honakoa da zendu zenetik egiten dioten lehen atzera begirakoa.