Egun bat gehiago izango du aurtengo jaialdiak: 8 egunez, azaroaren 22tik 29ra, urteko euskal ekoizpenak proiektatuko dira Lekeition; eta lehiaketaz gain, emanaldi bereziak, mahai inguruak eta bestelako topaketak antolatu dituzte.

Dena prest dago Lekeitioko Euskal Zine Bilerari hasiera emateko. Ostegun goizean aurkeztu zuten 38. edizioa prentsaurrean, Euskal Zine Bilerako kideek, beste hainbat ordezkarirekin batera, tartean, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea,  Mertxe Arrizubieta kultur zinegotzia, Gotzon Sanchez aurtengo epaimahaikidea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Leire Aragon BBK Gizarte Ekintzako Zuzendaria eta Aritza Escandon Topaguneko ordezkaria.

Aurtengo egitarauari dagokionez, 41 film lehiatuko dira sail ofizialean, horietatik 10 film profesionalak eta 31 lan amateurrak, guztiak euskaraz. Orotara, 15.000 euro banatuko dira saritan, eta kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Horietan preziatuena, Film Onenaren saria da, eta dirusariaz gain, Urrezko Antzarra jasoko dute irabazleek, hau ere profesional eta amateurren kategorietan.

Lehiaketako emanaldiez gain, zinemazaleentzako topagunea izango da aurtengo  jaialdia. Honela, Txikien txokoa, Euskal Zinearen Begirada eta Lekeitioko Berbaldia sailak antolatu dituzte. Azken honetan, euskarazko film laburren sorta bat proiektatuko dute, eta jarraian mahai-ingurua izango da. Begiradak sailean berriz, maiatzean zendu zen Aitor Mazo zinegile eta aktorea omenduko dute, bere ibilbidearen errepasoa eginez; besteak beste, Patxo Telleriarekin batera zuzendu zuen Bypass filma proiektatuko dute. Has dadila beraz, emanaldia.

Info +: Egitaraua

defsan