victoria-poster01Zuzendaria: Sebastian Schipper

Urtea: 2015

Herrialdea: Alemania

Berlingo Kreuzberg auzoa. Goizeko 04:00etatik 06:00etara Victoria (Laia Costa) gazte madrildarrak bizitakoa azalduko digu filmak. Bi ordu eta hogei minutuko plano sekuentzia bakarrean, diskoteka batean ezagutzen dituen lau gazte (Frederick Lau, Franz Rogowski, Max Mauff, Burak Yigit) berlindarrekin elkartzen den unetik, Victoriak bizitakoen lekuko izango gara.

Plano sekuentzia bakarrean errodatutako filma nahiko erakargarria da gaia bera zein den jakin gabe ere, zinemara joateko. Eta bai, ikusgarria da zinez Victoria filmeko planifikazioa, koreografia, trikimailua. Izan ere, hasiera batean pelikula intimo tankera badu ere, ikuslegoak espero ez duen thriller bilakatuko da pixkanaka, mafia, tiroketa eta hildako eta guzti. Noski, horrek guztiak are zailagoa egiten du plano sekuentziaren prestakuntza.

Baina plano sekuentzia bakar horrek sor dezakeen jakin-mina alde batera utzita, puntu ahulak dituen film batekin egingo dugu topo. Gidoiak beharko luke indargune nagusia. Aldiz, sinesgaitzak diren egoera gehiegi lantzen ditu; filmak aurrera egiteko beharrezkoak diren egoerak dira horiek, eta egitura aldetik eta paperean funtzionatzen duten arren, ikuslegoa filmeko kontaketatik ateratzen dute. Victoriaren kasuan, oso nabariak dira puntu horiek.

Hala ere, lan entretenigarria da Schipperrena. 140 minutuak ez dira luze egiten, eta erritmoa mantentzen du. Aktoreak ere bikain daude. Victoriaren papera egiten duen aktorea, Laia Costa, Polseres Vermelles (Albert Espinosa, 2012-2013) telesail katalanean ezagutu nuen, eta bere pertsonaia asko gustatu arren, benetan harritu egin nau Victoria filmean. Naturaltasuna darion pertsonaia da, eta lehen aipatutako egoera sinesgaitz horiei duten zentzu apurra ematen diena. Sonne-n papera egiten duen Frederick Lau ere bikain dago filmean. Beharbada, gainerako mutilen interpretazioak behartu samarrak dira, baina Sonne eta Victoriaren konbinazioa oso interesgarria da, eta filmaren lehen zatian duten harremana erakargarriagoa bada ere, istorioan aurrera indartzen joango dela ikusiko dugu.

Honenbestez, puntu ahulak izan arren, film erakargarri eta berezia da Victoria.