Ostiralean hasi eta astebetez luzatuko da Ikuska Pasaiako Badiako XVII. Film Laburren erakustaldia. Lehiaketara aurkeztuko diren film laburrez gain, Mintzalagun euskarazko laburren emanaldia, ‘Emea eta Anitza’ saila eta Moriarti ekoizpen etxearen produkzioaren atzera begirako bat antolatu dituzte, besteak beste. Mundu osoko 1.000 lan jaso ostean, “nazioarteko film laburren presentzia handia” izango du aurtengo IKUSKA Pasaiako Badiako XVII. Film Laburren Jaialdiak, antolatzaileen esanetan.
Azaroaren 13tik 21era luzatuko da, Trintxerpeko Alkateordetzan (Euskadi Etorbidea z/g ), eta hainbat sail izango ditu. Erakustaldia Moriarti ekoizpen etxearen sei lanek zabalduko dute, Nora hoa, Bixente? (2000), Tercero B (2002), Sintonía (2005), On the line (2008), El método Julio (2010) eta Zarautzen erosi zuen (2014). Atzera begirako horren bitartez, ekoizpen etxearen 15 urteko ibilbidea omenduko dute.
Azaroaren 16tik 20ra berriz, lehiaketara aurkeztutako film laburren txanda izango da, eta Turkia, Irak, Brasil eta Finlandia bezalako herrialdeetako lanak izango dira ikusgai. Mintzalagun euskarazko produkzioen emanaldiek, eta Gau Guasa eta Emea eta Anitza sailek ere tartea izango dute jaialdian, azken hau Bekoz Beko indarkeria sexistaren aurkako elkartearekin elkarlanean antolatuta.
Info +: Egitaraua + film laburren zerrenda