Pelota egin eta 32 urte geroago, Jørgen Leth Danimarkako zinemagileak pilota jokoaren inguruko dokumental berri bat filmatu du, Pelota II, Olatz González Abrisketa EHUko Antropologia irakaslearekin batera. Ostegunean estreinatu zuten Danimarkako CPH:DOX jaialdian; Euskal Herrian berriz, datorren larunbatean ikusi ahal izango dugu Bilboko Zinebi jaialdian.

Pilota jokoaren tradizioa eta mundu bukolikoa islatu nahi izan zituen  Jørgen Leth  zinemagile daniar ospetsuak, 1983an Pelota izeneko dokumentala egin zuenean. Hiru hamarkada geroago, Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoarekin batera, proiektuaren bigarren zatia zuzendu du. Gonzalezek Pelota Vasca: un ritual, una estética liburua argitaratu zuen 2005an, Nevadako Euskal Ikasketen Zentroak itzuli zuena. Horrez gain, hainbat ikerketa egin ditu euskal jokoaren inguruan.

Gonzalezek Jørgenek ahazturik zituen zenbait elementu azpimarratu nahi izan ditu bigarren zati honetan, pilota bera, esaterako. “Pilota guztiak ezberdinak dira, arretaz entzun behar ditugu elkarrengandik bereizi nahi baditugu. Izan ere, pilota izaki bizia da”. 1983ko filma Atano III. eta Retegi II.aren figuretan oinarritu bazen, Pelota IIk egungo bi jokalari mugarri izan ditu ardatz: Olaizola II. eta Martinez de Irujo. 

Basque Films ekoiztetxearen filma ostegunean estreinatu zen Danimarkako CPH:DOX jaialdian, eta datorren astean iritsiko da Euskal Herrira. Azaroaren 11n prentsaurrekoa eta emanaldia eskainiko dituzte Azkuna Zentroan, eta hiru egun geroago, azaroaren 14an, publikoari aurkeztuko diote Guggenheim museoan, Zinebi jaialdiaren 57. edizioarekin bat eginez.

Info +: Filmaren ataria

big_04