Anouk Whissell, François Simard eta Yoann Karl Whisselek ekoitzitako Turbo Kid filmak irabazi du XXVI. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko ikusleen sari nagusia; film labur onenaren garaikurra, aldiz, Méryl Fortunat-Rossi eta Xavier Seronen L’ours noir ekoizpen frantziar-belgikarrarentzat izan da, eta epaimahaiak David E. Munz-Maireren Chateau Sauvignon: Terroir lana goraipatu du.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko arduradunek edizio berriko palmaresa kaleratu dute gaur, iluntzean egingo duten sari banaketa eta itxiera ekitaldiaren aurretik. Antzoki Zaharreko saioan, hain zuzen, Mark Neveldinen The Vatican Tapes lana eskainiko dute.
Horren aurretik, baina, zortzi sari nagusi banatuko dituzte ikusleek, epaimahai ofizialak eta gazte epaimahaiak. Lehenek lau film azpimarratu dituzte: Kanada eta Zeelanda Berriaren artean ekoitzitako Turbo Kid (film luze onena), L’ours noir (labur onena), Maurice Huvelin frantziarraren Bighorror (animaziozko film labur onena), eta Ángela Valeraren Pesanta (Espainiako labur onena).
Epaimahaiak, ostera, Chateau Sauvignon ekoizpen estatubatuarra saritzea erabaki du (film labur onena), eta Martin Ahlin suediarraren Infringe lanak Zilarrezko Méliés saria lortu du, Europako film onenaren kategorian.
Gazte epaimahaiak, halaber, ikusleekin bat egin eta L’ours noir nabarmendu du. Eta Syfy Saria, azkenik, Suda Sánchezen La buena muerte lanarentzako izan da, Espainiako film labur onena.