Iruñean eta Bilbon izan ostean, Ipar Euskal Herrira iritsiko da bertako zenbait herritan atzerriko zinegileek grabatutako Chez Les Basques filmen zikloa. Punto de Vista Jaialdiak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sustatuta, 11 herritan egingo dira proiekzio eta solasaldiak, azaroaren 7tik 15era bitarte.
Donibane Lohizune, Ortzaize, Maule, Donibane Garazi, Hendaia, Hazparen, Kanbo, Urruña, Miarritze Donapaleu eta Baiona. Herriotara gerturatuko da, hain zuzen, inguruotan errodatutako Chez Les Basques zikloa. Orotara, 11 film proiektatuko dituzte, beraz, eta hala amaiera emango diote otsailean Punto de Vista Jaialdiaren 9. edizioan abiatu zuten zikloari.
Zenbat zinegile, hainbat motibazio
Filmak Ipar Euskal Herrian errodatu zituzten, baina atzerriko zinegileek. Orohar, lurralde honetako biztanleen egunerokotasuna islatzeko helburuarekin eginiko lanak dira, baina egile bakoitzak bere aitzakia filmiko propioa izan zuen. Hala, Louis Delluc argiaren bila abiatu zen Azkainera, argia bera protagonista eginez Le chemin d’Ernoa filmean. Otar Iosselianik, berriz, Georgia bere sorterriko abesti tradizionalen jatorria topatu nahi izan zuen pastoraletako euskal kanta zaharren artean. Orson Wells ere izan zen gurean, “Paradisu galduaren bila” Around the World with Orson Welles filmean.
Emanaldien ostean solasaldiak antolatu dituzte filmetako protagonistekin edo zuzeneko lekukoekin. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, euskarazko edo frantsesezko azpitituluekin, eta batzuetan, zuzeneko musikaz lagunduko dituzte.
Info+: Egitarau osoa