Gorka Otxoa izango da Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduko duen Igelak film berriko protagonista. Astelehenean hasi ziren grabaketak Pasaia eta Oiartzunen, eta Donostia eta inguruetara zabalduko dira. Otxoaz gain, euskal aktore eta musikari ezagun askok parte hartuko dute, besteak beste, Miren Gaztañagak, Mikel Losadak, Xabier Solanok eta Ainhoa Artetak, eta euskara hutsean filmatuko da.
Euskarazko Igela euskal komedia errodatzen ari dira egunotan Gipuzkoako udalerri Pasaia eta Oiartzunen. Patxo Telleriaren hirugarren film luzea (La máquina de pintar nubes, 2009 eta Bypass, 2012) bi milioi euroko aurrekontuarekin abiatu da. Abra Prod. arduratuko da ekoizpenaz, eta Lasa eta Zabala filmarekin izandako arrakasta errepikatzea dute helburu. Proiektuak ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren laguntza jaso ditu, eta filmatzea zazpi astez luzatuko da, Donostia eta inguruetan.
Filmak Gorka Otxoa (Pagafantas, Bypass, Los miércoles no existen, Velvet) izango du protagonista. Banku bateko zuzendariaren papera beteko du, eta delitu ekonomikoak tarteko, etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean amaituko du. Otxoarekin batera, Miren Gaztañagak, Josean Bengoetxeak, Gurutze Beitiak eta Mikel Losadak osatuko dute aktore zerrenda.
Euskal musikak ere presentzia handia izango du filmean. Hala, hainbat musikari ospetsuk parte hartuko dute, besteak beste, Ainhoa Artetak, Xabi Solanok (Esne Beltza), Gose taldeak, Doctor Deseo taldeko Francisek, Natxo de Felipek, Oreka Tx txalapartari bikoteak eta Gatibu taldeak. Gernikako taldeak, hain zuzen, filmarentzako abesti bat konposatuko du.